Abesten, bertsotan, dantzan, antzezten parekorik ez dutela argi utzi zuten. 2024-25 ikasturtea agurtzeko gala berezia programatu zuen Aginagako eskolak iragan ostiralean. Eliza Zaharra hautatu zuten hitzordu berezi honetarako oholtza gisa. Bertatik, azkenaldian mimo handiz prestatutako emanaldia eskaini zuten adin tarte guztietako ikasleek. Euskaraldiko koreografia dantzatu zuten, ingelesez hainbat antzezpen eskaini zituzten, eragin-sortzaileen roletik ere aritu ziren, bakarrizketa saioak eskaini zituzten, bertsotan aritu ziren...
Agu hirukoitza
Une berezirik ere izan zuen hitzorduak. Izan ere, gogoan izan, LH6ra arte ikasi daiteke Aginagako eskolan. Hortik aurrerako ikasketen prozesua bertatik kanpo segitzen dute ikasleok. Aurten, segidan ageri diren hiru ikasle beteranoenek bukatu dute Aginagako eskolaren baitako ibilbidea. Une hunkigarria bizi izan zuten hirurek gala horren amaieran. Irakasleen bertso eta opariak jaso zituzten. Bi norabideetakoa izan zen aitortza eta eskertza, ikasleok ere bertsotan borobildu baitzuten eskolako ibilbidea.