"Aginaga biziberritzeko proiektu oso eta integral bat jarri nahi dugu martxan", berri eman dute udal gobernu taldetik, prozesu horretan gakoa izango den eremuetako batean, Aginagako Eliza Zaharrean eginiko agerraldian. "Proiektu horrek Aginagako beharrei modu komunitario eta kooperatiboan aurre egin diezaion nahi dugu", gaineratu dute.
Horretarako, iragan ekainaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, proiektuak proposatzeko deialdi publikoa argitaratu zuen Usurbilgo Udalak. Bihar arte, uztailaren 15era arte aurkeztu ahalko dira. "Deialdira udalerriko irabazi asmorik gabeko erakundeak aurkez daitezke".
Aurkez daitezkeen proiektuak baloratzeko irizpideok baliatuko ditu Udalak: "erakundeak Aginagarekin duen lotura, ekipamendu bakoitzarentzat aurkezten diren proiektuak, bideragarritasun ekonomikoa eta giza baliabideak kudeatzeko aurkezten duen plangintza, gobernantza eredua, udalaren misioarekiko lerrokatzea, euskararen sustatzea eta erabilpena eta genero berdintasuna".
Eliza Zaharra eta Arrate
Gerora, proiektu irabazlea hautatutakoan, "lankidetza hitzarmenaren bidez, bi udal ekipamendu lagako zaizkio eragileari", iragarri du udal gobernu taldeak gaurko agerraldian.
Batetik, astelehen honetako ekitaldia egindako eremuko, Eliza Zaharra. "Komunitatearen zerbitzurako espazio izatea izango da horren helburu nagusia, erabilera sozial komunitarioa bermatu eta Aginagako astialdi eta kultura programatzaileen sarea zaindu eta indartuko du".
Lagako zaio bigarren udal ekipamendua, Arrate ostatua izango da. Hemen datoz nobedadeak. "Bertan, taberna, jantoki eta denda izango duen bilgunea bilakatzea izango da helburua. Herritarrak saretzeko eta elkar zaintzarako leku bat izan dadin nahi dugu, izan eskola komunitatekoentzat, adinekoentzat zein herriarentzat orokorrean".
Udalak iragarri duenez, uda garai hau baliatuko dute Arrateko egungo espazioa egokitzeko. Eliza Zaharra ere zaharberritzen jarraitu asmo dute, baina urriko jaiak igaro ostean.
Aginaga bizigarriagoaren alde
Egitasmo hau, azken urteotan lau misioen (zaintza, 650 Usurbil Bizi, Udala Gertu eta trantsizio ekosoziala) arabera eta gobernantza eredu berri baten alde lanean ari den udalaren asmoarekin erabat bat dator. Izan ere, "elkarlana oinarri, auzo bizigarriak sortu nahi dira. Orain abiatu dugun proiektuarekin Aginagako herritarren parte hartzea sustatuz, Aginagako behar eta kezka nagusietako batzuk asetzea bilatzen dugu".
Gaur aurkezturiko proiektuaz gain, Aginaga bizigarriagoa izateko "Udala beste lanketa batzuetan ere badabil. Batetik, 650 Usurbil Bizi turismoko proiektuaren baitan, Errioaren Usurbil garatzea da gure hurrengo lehentasuna eta adinekoekin bizi-kalitatea hobetu eta zaintza sare komunitarioak sustatzeko proiektua martxan jarri berri dugu Zabaltzen Kooperatibarekin batera".
Erronkei aurre egin nahia
Proiektu komunitario honen lanketak badu aurrekaririk eta lanketa bide bat atzetik, gaurko agerraldian udal gobernu taldeak gogora ekarri eta nabarmendu nahi izan duena.
Izan ere, beharrak mugiarazi ditu bide hau jorratzera. "Euskal Herriko landa eremu askok bizi duten antzeko bilakaera bizi du Aginagak", gogora ekarri dutenez, etxebizitza gabezia, enplegu aukera txikia, tokiko zerbitzuen galera edota komunitate harremanen ahultzearen ondorioz.
Halere, "herri nortasun propioa duen auzunea" izanik, jai eta kultur aisialdiarekin lotutako egitasmo eta eskaintza zabala du gaur egun eta lehen esan bezala, auzokideen arteko elkartasunak eta belaunaldien arteko harremanek lagundu dute Aginaga aurrera eramaten eta hartueman horrek bideratu du lehen aipatutako zailtasunei edo erronkei aurre egiteko nahia".
Galdetegiak emandako pistak
Aurre egite horren baitan, "egoera iraultzeko aukerak aztertzen lanean aritu dira azkeneko urte hauetan bertako biztanleak" eta horrek ahalbidetu du prozesua gaurko lekuraino heltzea.
Testuinguru horretan abiatu zuten 2022an Aginaga Biziberritzen izeneko prozesua, Aztiker soziologia ikergunearen bidelaguntzarekin. Horren baitan, Aginagako gabeziak eta beharrak identifikatzeko galdetegi batean parte hartu zuten 16 urtetik gorako 136 lagunek, "biztanleen %36ak", udal gobernu taldetik nabarmendu dutenez.
Bertan hainbat kezka plazaratu zituzten aginagarrek; "oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, zerbitzuen galera orokorra, etxebizitza falta ere aipatzen zen, garraio publiko eta komunikazio eskasa duela Aginagak eta kale giroaren eta herriko bizitzaren falta".
Lankidetza ardatz
Udalak hurbiletik jarraitu du prozesu hau "eta esan dezakeguna da Aginagan bertan egiten den diagnostiko hau, gaur egun Aginagak dituen gabeziak eta arazoak partekatzen ditugula. Horregatik, beharrezkoa ikusten genuen konponbideen bila aritze horretan elkarrekin estrategia konpartitu bat eratzea", herritarrak, herri eragileak eta Udala bateratuko zituena. Izan ere, "bat etorri ginen Aginagarako herri proiektu eraldatzaile bat behar genuela abian jarri eta horretarako ezinbestekoa zela, proiektu horren mesedetan lankidetza abiatzea, lankidetza sustatzea".
Azken urteotan izandako lankidetza goraipatu nahi izan du udal gobernu taldeak gaurko agerraldian, "sortu diren sinergiak, sortu den saretzea; hala nola, bai Eliza Zaharra elkargunea, eskola txikia, jai batzordea, guraso elkartea, gazteak... Elkarrekin ari dira denak ere lehen aipatutako erronka horiei erantzuna eman nahian".
Koordinazio mahai bat du azken urteotan Udalak Aginagako eragileekin bi norabideetan lanean ari dena, batetik, "modu koordinatuan erantzun ahal izateko eguneroko beharrei", lehentasunak finkatzen dituzte bertan, baina horrez gain, eta, aldi berean, epe luzera begirako Aginaga biziberritzeko proiektua lantzen dihardute; tartean da, Aginagako herri kooperatiba egiten ari den bidea.
"Aginagak bere burua autoantolatzeko tresna izan da herri kooperatiba. Gainera, herri kooperatibak badu bere egiteko eta asmoen artean, toki entitate txiki bat sustatzeko asmoa eta horretaz ere ari gara hizketan elkarrekin".