Deialdi horren oinarrien arabera, "lankidetza-proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte udalerriko irabazi-asmorik gabeko erakundeek (elkarteak, fundazioak, kooperatibak, etab.)". Proiektu irabazlearekin lankidetza-hitzarmena sinatuko du gero Udalak eta hitzarmen horren bidez bi udal ekipamendu lagako zaizkio; Eliza Zaharra eta Arrate Ostatua.
Eliza Zaharrari dagokionean, bere lagapenaren helburua izango da, "komunitatearen zerbitzurako espazio izatea. Erabilera sozial komunitarioa bermatu eta modu jasangarrian Aginagan dauden astialdi eta kultura programatzaileen sarea zaindu eta indartzea". Arrate Ostatuari dagokionean, "bertan Taberna-Jantoki-Denda izango den bilgunea bilakatzea da. Zaintzaren eta garapen sozioekonomikoaren ikuspegitik, saretzeko eta elkar zaintzeko leku bat izatea helburu du izan eskola komunitateko jendearentzat, adinekoentzat eta herritarrentzat orokorrean".
Proiektuak puntuazio sistema bidez baloratuko du Udalak. Ehun puntu eskuratu ahalko ditu guztira egitasmo bakoitzak. Honela banatuko da puntuazioa:
1-Proiektua aurkezten duen erakundeak Aginaga auzoarekin duen lotura (20 puntu).
2-Ekipamendu bakoitzarentzat (Eliza Zaharra eta Arrate Ostatua) aurkezten den proiektua (20 puntu).
3-Bideragarritasun ekonomikoa eta giza baliabideak kudeatzeko aurkezten den plangintza (15 puntu).
4-Proiektuaren gobernantza eredua (15 puntu).
5-Proiektuak Usurbilgo Udalaren Misioekiko duen lerrokatzea (10 puntu).
6-Euskararen sustatze eta erabilpena (10 puntu).
7-Genero berdintasuna (10 puntu).
Kezkak eraldaketarako abiapuntu
Udalak GAO bidez gogorarazi moduan, "gainbehera betean" doa 460 biztanle inguruko Aginaga, Euskal Herriko beste hainbat landa eremuren antzera. Baina "tokiko bizimoduari dagokionez, ez da soilik lanaren inguruan egituratu izan: jaiak edo kultur aisialdiarekin erlazionatutako egitasmo ugari egiten dituen auzoa da. Tokiko nortasun berezituak, auzokideen arteko elkartasuna eta belaunaldien arteko harremanak auzoa aurrera eramaten lagundu dute".
Aztikerren laguntzaz Aginagako herri eragile hainbatek 2022an eginiko galdeketaren baitan aginagarren kezka nagusiak azaleratu zituen: "oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, z
Horregatik, testuinguru horretan, "Usurbilgo Udalak Aginagako galdeketa hartan identifikatutako beharrak asetzeko, Usurbilgo kultura eta tokiko garapeneko estrategia eta lan-ildoekin lerrokatuko den irabazi asmorik gabeko proiektu komunitario bat bultzatu nahi du Aginaga auzoan. Proiektu horrek, Aginagako udal ekipamenduen lagapenaren bidez (Eliza Zaharra eta Arrate Ostatua), lankidetza-hitzarmen baten baitan, eta Aginagako herritarren parte-hartzea sustatuz, Aginaga auzoko behar eta kezka nagusietako batzuk asebetetzea bilatzen du".