Aginagako jaiak

Herri kooperatibari gorazarre, festen hasieran

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 4a, 09:37

Merezi bezala, topa eginez eta lehen suziria jaurtita ekin diete ostiral honetan Aginagako jaiei. Aurtengo txupinazioa Herri Kooperatibari eskaini dio Aginagako herriak. Izan ere, gogorarazi duten moduan, "helburu nagusia herritarron bizi-kalitatea hobetzea da, izan ere Aginagan bizi nahi dugu, eta horretarako beharrezko zerbitzuak martxan jarri eta lanpostuak sortzeko asmoa dugu!", iragarri dute.

Merezi bezala, aginagarren eta Aginagaren omenez, elkarrekin topa eginez eman diete hasiera ostiral honetan, urriaren 3an, 2025eko San Praixkuei. Dagoeneko herriko balkoi ofizial bilakatu duten Eliza Zaharraren ataritik jaurti duten txupinazoarekin murgildu dira bi asteburuko ospakizunen ziklo betean. "Gozatu ditzagun Agiñako jaiak, herritik eta herriarentzat sortutako ospakizuna! Eraiki ditzagun harreman sanoak, elika dezagun etorkizuna, zaindu dezagun elkar eta zaindu ditzagun gure bazterrak! Jai parekide, euskaldun, arduratsu eta parte-hartzaileen alde, gora Agiña eta agiñarrak!", adieraziz txalo artean egin diete harrera herriko festei.

Urtero, herritarrak, eragileak omentzeko, goraipatzeko baliatzen dute festen hasiera, urtean zehar izandako bizipen, gertakari eta egitasmoei tartea egitearekin batera. Aurtengoan, hizpide nagusi bat izan dute, Aginagaren etorkizuna itxuraldatzen nabarmen lagunduko duena; "Aginaga Biziberritzen" ekimena, aginagarren kezka eta beharretatik abiaturiko herri proiektua, herri kooperatiba bilakatzen amaitu duena.

"Helburu nagusia, herritarron bizi-kalitatea hobetzea da"
Bi urteotako lanketa bide oparoa ekarri dute gogora jaien hasieran. Aginaga biziberritzeko abiapuntua aipatu moduan, aginagarren kezkak eta beharrak izan ziren, jaien hasieran gogora ekarri dituzten honako hauek hain zuzen: herria bizirik mantendu nahi dutela, eguneroko erosketetarako denda bat nahi dutela. Ezinbestekotzat, gune estrategikotzat dute Arrate Egoitzaren zerbitzua. Azkenik, "etorkizunari begira, etxebizitza berrien sustapena ezinbestekoa izango da gure herria indartzeko".

Diagnosi hori oinarritzat hartuta, Aginaga biziberritzeko bideari ekin zioten. Horretarako, "bidelagun bikainak topatu ditugu" nabarmendu dute jaien hasieran. Gogora ekarri dutenez, "Olatukoop-eko lagunek emandako babesari esker, gure asmoak errealitate bihurtzeko indarra osatu dugu".

Herri kooperatiba sortzea ahalbidetu die prozesu honek. "Irabazi asmorik gabekoa da, eta helburu nagusia herritarron bizi-kalitatea hobetzea da", azaldu diete talde eragileko kideek festen hasierara joandakoei. Norabidea argi dute. "Aginagan bizi nahi dugu, eta horretarako beharrezko zerbitzuak martxan jarri eta lanpostuak sortzeko asmoa dugu!".

Etxe bakoitzeko bazkide bat
Herritar talde batek duela bi urte hasitako lanketari bidelagunak batzen joan zaizkio, aipatu moduan. "Gaur egun, zorionez, Aginagako Herri Kooperatiba errealitate bat da, izan ere, gaur egun 39 bazkide gara dagoeneko!". Bazkidetza sendotzeko, tramite hori bideratzeko orriak banatu asmo dituzte aurten etxez etxe, erronka argi batekin; "etxe bakoitzeko bazkide bat eskuratzeko asmoa dugu!".

Bidelagunen artean, Usurbilgo Udala nabarmendu dute. Izan ere, tokiko erakunde horrekin "gure iritziak partekatzeko aukera izan dugu, eta eurek ere bat egiten dute gure errealitatearekin. Udalak ere, apustu garbia egin du Aginagako herritarron etorkizunaren alde".

Arrate Ostatuaren irekiera azaroan
Testuinguru horretan, gogora ekarri dute nola Udalak "Eliza Zaharra Elkargunea eta Arrate egoitzaren kudeaketa egokiago bat bermatzeko, proiektuen lehiaketa bat jarri zuen martxan. Gaur esan dezakegu, ilusioz, proposamen hoberena egin genuela eta, ondorioz, hitzarmen bat sinatzeko aukera izan dugu".

Hitzarmenaren baitan, "azken hilabetean Arraten beharrezko egokitze lanak egiten aritu da Udala". Dena prest izan nahi dute. Izan ere, iragarri dutenez, "gure asmoa azaroan Arrate Ostatua zabaltzea da".

Ostatuaren funtzionamenduari buruzko zenbait xehetasun ere aurreratu dituzte dagoeneko. "Hiru langile arituko dira bertan, haurrentzat zein herriarentzat zabalduko den jantokia, taberna zerbitzua eta denda aurrera eramanaz. Hala ere, irekiera formala laster egingo dugu, eta informazio gehiago emango dizuegu!", iragarri dute.