Aginagako jaiak

Aginaga txapeldun, herri kirolen lehia bizian

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 4a, 09:25

Iazko etenaldiaren ostean, aurten jaiak elkarrekin lehiatzeko baliatu dituzte aginagarrek. Etxekoen arteko herri kirol erakustaldi ederra eskaini dute ostiral honetan, urriaren 3an, San Praixkuak ofizialki hasi aurretik. Nekaezinak direla argi utzi dute. Txapeldun bakarra izan du hitzorduak; Aginaga.

Inoiz baino energia gehiagorekin, indartsu ekin diete 2025eko Aginagako jaiei. Duela bi urtera arte, urte askotan eginiko hitzordua berreskuratuta murgildu dira aginagarrak bi asteburuko festen zikloan. Irudiotan ikus dezakezuen moduan, aginagarrak elkarrekin lehian jarri dituzte, jaiak ofizialki abiatu aurreko tartean.

Belaunaldi ezberdinetako eta familia bereko kideak ikusi ditugu lehia bizian. Txantxa gutxi, ostiral honetan, urriaren 3an, Aginagako frontoian. Lokotsak biltzen aritu dira, sagar biltzen, artoa aletzen, txingak eta zakuak garraiatzen, trontzan... Dena eta gehiago eman dute herri giroaren alde.

Sokatiran erabaki da txapelketa, nahiz argi zegoen hasieratik nor izango zen garaile, etxekoen arteko lehia eta erakustaldi bikain honetan; Aginaga bera.