Aginagako jaiak

Hamaiketako ederra, San Praixkuren omenez

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 4a, 21:02

Aginagako jaiegun nagusia gaur, urriaren 4arekin batera. Bertsoz giroturiko hamaiketako legea egin dute Aginaga sagardotegian.

Bi ospakizun egunek bat egin dute aurten, Aginagako jaietan. Izan ere, festen lehen larunbatean irten ohi dira, goizean goiz, oilasko biltzaileak etxez etxeko bira egin eta lurralde osora festa giroa hedatzera. Hala izan da aurtengoan, gaurkoan ere. Baina urriak 4 zituen larunbat honek, urteko jaiegun nagusia Aginagan; San Praixku eguna.

Bi ospakizun horientzako lekua egina zuten egitarauan, eta biak uztartu dituzte goiz eta eguerdi partean. Irudiotan, Aginaga sagardotegian eginiko hamaiketako ederra; sagardotegikoek prestatu eta jai batzordeko kideak zerbitzatzen aritu direna.

Haiekin, urte luzeotan hutsik egin ez duten bi bertsolari; elkarri zirikatzen aritutako Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi. Hamaiketako legea egitera joandakoei harrera egiteaz gain, gogotik girotu dute hitzordua.

Hortik aurrera, gogotik dastatzen aritu dira zerbitzatu zaiena. Urtean zehar, gaur bezalaxe askotan elkartuko ez diren moduan, biltzen du hitzordu honek, batez ere belaunaldi helduena. Jaietan urtero hutsik egiten ez duen topagunea, jaiekin izaten duen hartueman zuzenetako bat, baina ez bakarra. Aurten hain zuzen, oilasko biltzaileen irteerarekin egokitu zaie hamaiketakoa. Ondorioz, bat baino gehiago goizean goiz esnatu da etxe atarian oilasko biltzaileei harrera egitera.