Aginagako jaiak

Belaunaldien lotune, oilasko biltzaileen irteera

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 4a, 21:10

Giro ederra izan dute oilasko biltzaileek Aginagako jaien baitan eginiko irteerak larunbat honetan, urriaren 4an.

Aurten, San Praixku egunarekin batera egokitu zaie. Gogotsu asko irten dira goizean goiz, Atarialde elkartetik oilasko biltzaileak. Eguna argitu aurretik ekin diote Aginagak hartzen duen lurralde osoan barrena egindako etxez etxeko birari. Zain zituzten, harrera egiteko prest.

Trikitilari eta panderojoleen laguntzaz eginiko bira horretara bidelagun gehiago batu dira goizean zehar. Izan ere, belaunaldi arteko topaketa izan ohi da hitzordu hau aspaldidanik, erreleboa errrazten laguntzen duena. Belaunaldi arteko errelebo hori nabari izan da gaurko hitzorduan, hain zuzen. Epe motzera begira behintzat, soka ez dela etengo argi uzten duen irudia izan da gaur jaso duguna.

Eta atzetik, gazte gehiago datoz. Aipatu moduan, goizeko azken orduan, belaunaldi gazteena batzeko hitzordua finkatzen dute urtero Aginagako jaietan. Gaurkoan ere bat egite ederra izan da. Kalejiran, dantzan egin dute elkarrekin Mapil aldetik hasita, Aginaga erdigunerainoko bidea. Ibilaldi horretan zehar, jada eskenatoki finkoa izaten duten belardian taldeko argazkia atera dute.

Irudiei buruz ari garela, ezin aipatu gabe utzi, aurtengo oilasko biltzaileek izandako Mexiko aldetik heldutako bisitariak. Izan ere, Aginaga "internazionala" baita.