Igande arratsalde honetan, urriaren 5ean ateratako ondoko argazkiok erakutsi moduan, asteburua borobiltzeko izan dute zer eginik, gaztetxoenek. Izan ere, teknika ezberdinekin telazko boltsak apaintzen aritu dira gaurkoan, festen lehen asteburuaren amaieran.
Izan ere, Aginagako jaiak ez dira eta amaitu. Asteburu bizi honen ondotik, orain atseden egunak datozkie. Indarberritu eta jai girora itzuliko dira hurrengo ostiralean, urriaren 10ean. Hain zuzen, gaztetxoenak izango dira protagonista egun horretan. Goizetik gauera, jolasak, puzgarriak, txokolate jana programatu dituzte, baita estreinakoz, Lauburu Usurbilgo erraldoien eta buruhandien konpartsakoen bisita ere.
Umeen Egunaz gain, gazteena ere izango da hurrengo ostiralekoa. Gazte afaria ospatuko dute Atarialden, Eliza Zaharreko kontzertu gauari ekin aurretik.
Biharamunean, urriaren 11n, aurtengo San Praixkuen amaiera izango da. Hasi bezala, herri kirolen erakustaldiarekin eta gaupasa luzearekin amaituko dira Aginagako aurtengo festak.
Hona hemen, San Praixkuen azken txanpa horri begira jai batzordeak osaturiko ekimenen zerrenda:
Aginagako jaiak
Urriak 10, ostirala: Ume eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa. Gosearekin etorri!
16:00 Puzgarriak.
Ondoren, eguraldiak laguntzen badu, apar festa.
17:30 Txokolate banaketa eta buruhandi gaizto-gaiztoak.
18:00 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa parranda giroan sartzeko.
21:00 Gazte afaria Atarialde Elkartean. Izena emateko Instagramera idatzi.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez, Dj Hidalgo.
Urriak 11, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Herri kirol erakustaldia.
18:00 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Arranopola txaranga.
00:00 Kontzertuak frontoian: Mirua, Trikidantz.
03:00 Eliza Zaharrean: Dj Jotatxo.
08:00 Errefus bilketa gaupaseroentzat.
Oharrak:
-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.
-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, errespontsabilitate zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.
Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.