Aginagako jaiak 2025

Jaien asteburu bizia igarota, bigarrenaren esperoan Aginagan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 7a, 08:00

Festen lehen asteburua igarota, bigarrenaren eta azkenaren zain dira jada, atseden egunetan den Aginaga. Urriaren 3tik 5era bertan izandako ospakizunak iruditan bildu ditugu.

Asteburu bizi askoa izan dute Aginagan, San Praixkuen lehen asteburuan. Herri kooperatibari gorazarre eginez hasitako festetan, herri kirolen bueltan neurtu dira aginagarrak, oilasko biltzaileen irteeran batu dituzte herrikideen belaunaldiak, kantuan aritu dira bingo musikatuan...

Aginagako festen lehen asteburuak emandakoa iruditan bildu dugu, atari honetan bertan, "Bereziak" atalean duzue ikusgai.

Izan ere, Aginagako jaiak ez dira eta amaitu. Asteburu bizi honen ondotik, orain, atseden egunak datozkie. Indarberritu eta jai girora itzuliko dira ostiralean, urriaren 10ean. Hain zuzen, gaztetxoenak izango dira protagonista egun horretan. Goizetik gauera, jolasak, puzgarriak, txokolate jana programatu dituzte, baita estreinakoz, Lauburu Usurbilgo erraldoien eta buruhandien konpartsakoen bisita ere.

Umeen Egunaz gain, gazteena ere izango da hurrengo ostiralekoa. Gazte afaria ospatuko dute Atarialden, Eliza Zaharreko kontzertu gauari ekin aurretik.

Biharamunean, urriaren 11n, aurtengo San Praixkuen amaiera izango da. Hasi bezala, herri kirolen erakustaldiarekin eta gaupasa luzearekin amaituko dira Aginagako aurtengo festak.

Hona hemen, San Praixkuen azken txanpa horri begira jai batzordeak osaturiko ekimenen zerrenda:

Aginagako jaiak
Urriak 10, ostirala: Ume eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa. Gosearekin etorri!
16:00 Puzgarriak.
Ondoren, eguraldiak laguntzen badu, apar festa.
17:30 Txokolate banaketa eta buruhandi gaizto-gaiztoak.
18:00 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa parranda giroan sartzeko.
21:00 Gazte afaria Atarialde Elkartean. Izena emateko Instagramera idatzi.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez, Dj Hidalgo.

Urriak 11, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Herri kirol erakustaldia.
18:00 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Arranopola txaranga.
00:00 Kontzertuak frontoian: Mirua, Trikidantz.
03:00 Eliza Zaharrean: Dj Jotatxo.
08:00 Errefus bilketa gaupaseroentzat.

Oharrak:
-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.
-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, errespontsabilitate zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.