Aginagako jaiak

San Praixkuen azken eguneko herri kirolen hitzordua zehaztu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 8a, 09:53

Harri-jasotze eta aizkolaritza erakustaldi ederraz gozatzeko aukera izango da urriaren 11n Aginagako jaien azken txanpan.

Gaupasa luze batekin, baina aldez aurretik izerdia gogotik botata agurtuko dituzte aurten Aginagako jaiak. Izan ere, Mirua, Trikidantz edota Dj Jotatxok urriaren 11tik 12rako gaua girotu aurretik, larunbat eguerdian, 12:00etan herri kirolen lehia bizia antolatu dute bertako Ariztitxo frontoian. Egitarauan jada iragarritako erakustaldiaz xehetasunak eskaini dituzte antolatzaileek.

Harri-jasotze eta aizkolaritza probak tartekatuko ditu ekitaldiak. Sei kirolari lehiatuko dira, hiruna kideko bi taldeen arteko norgehiagoka izango da. Alde batetik, Xabier Zaldua, Ainitze Zumeta eta Xabat Olaizola lehiatuko dira; Julen Gabirondo, Maddi Gesalaga eta Mikel Lopetegi "Urra", bestetik.

"Kirol Herri" izenburupean egingo da erakustaldi hau. Iragan ekainaren 12an aurkeztu zen ofizialki izen bereko egitasmoa; herri kiroletako liga berria da. Dinamikotasuna eta berdintasuna dute ardatz , aizkolaritza eta harri-jasotzea tartekatzen dituzten taldekako proba hauek. Uda partean ospatu zen lehen ligaxka. Lehia horretan parte hartzaile izandakoak Aginagan izango dira urriaren 11n.

Iruditan
San Praixkuen azken txanpako osagai nagusietako bat izango da hitzordu hori, baina ez bakarra. Urriaren 3tik 5era izandako ospakizunen zikloaren ondotik, beste bi jaiegun bizitzeke dituzte aginagarrek; urriaren 10 eta 11koak hain zuzen. Ostiralean, Haurren eta Gazteen Eguna ospatuko dute. Biharamunean, Gaupasa Eguna izango da.

Aginagako festen lehen asteburuak emandakoa iruditan bildu dugu, atari honetan bertan, "Bereziak" atalean duzue ikusgai.

Hona hemen, San Praixkuen azken txanpa horri begira jai batzordeak osaturiko ekimenen zerrenda:

Aginagako jaiak
Urriak 10, ostirala: Ume eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa. Gosearekin etorri!
16:00 Puzgarriak.
Ondoren, eguraldiak laguntzen badu, apar festa.
17:30 Txokolate banaketa eta buruhandi gaizto-gaiztoak.
18:00 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa parranda giroan sartzeko.
21:00 Gazte afaria Atarialde Elkartean. Izena emateko Instagramera idatzi.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez, Dj Hidalgo.

Urriak 11, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Herri kirol erakustaldia.
18:00 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Arranopola txaranga.
00:00 Kontzertuak frontoian: Mirua, Trikidantz.
03:00 Eliza Zaharrean: Dj Jotatxo.
08:00 Errefus bilketa gaupaseroentzat.

Oharrak:
-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.
-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, errespontsabilitate zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.