Aginagako jaiak

Haurren eta Gazteen Egunarekin, Aginagako jaiak azken txanpan gaurtik

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 10a, 07:16

Aginagako jaien azken txanpari ekingo diote ostiral honetan, urriaren 10ean, Haurren eta Gazteen Egunarekin.

Astean zehar izandako atsedenaldiaren ondotik, indarberriturik bueltan da festa giroa ostiral honetan, urriaren 10ean Aginagara. San Praixkuen azken txanpari ekingo diote gaurkoan, Umeen eta Gazteen Egunarekin. Goizetik arratsaldera, belaunaldi gazteenaren txanda izango da. Haurrei zuzenduriko egunpasa borobila prestatu dute jolas, bazkari, puzgarri edota txokolate janarekin. Lauburu Usurbilgo erraldoi eta buruhandien konpartsak girotuko du arratsalde partea. Gaua, gazteena izango da gaurkoan, afari eta kontzertuekin.

Baita biharkoa ere; gazteena eta ez hain gazteena. Denontzako Gaupasa Eguna antolatu dute Aginagan. Mirua, Trikidantz edota Dj Jotatxok urriaren 11tik 12rako gaua girotu dute, baina aldez aurretik larunbat eguerdian, 12:00etan herri kirolen lehia bizia antolatu dute bertako Ariztitxo frontoian. Egitarauan jada iragarritako erakustaldiaz xehetasunak eskaini dituzte antolatzaileek.

Harri-jasotze eta aizkolaritza probak tartekatuko ditu ekitaldiak. Sei kirolari lehiatuko dira, hiruna kideko bi taldeen arteko norgehiagoka izango da. Alde batetik, Xabier Zaldua, Ainitze Zumeta eta Xabat Olaizola lehiatuko dira; Julen Gabirondo, Maddi Gesalaga eta Mikel Lopetegi "Urra", bestetik.

"Kirol Herri" izenburupean egingo da erakustaldi hau. Iragan ekainaren 12an aurkeztu zen ofizialki izen bereko egitasmoa; herri kiroletako liga berria da. Dinamikotasuna eta berdintasuna dute ardatz , aizkolaritza eta harri-jasotzea tartekatzen dituzten taldekako proba hauek. Uda partean ospatu zen lehen ligaxka. Lehia horretan parte hartzaile izandakoak Aginagan izango dira bihar, urriaren 11n.

Hona hemen, San Praixkuen azken txanpa horri begira jai batzordeak osaturiko ekimenen zerrenda:

Aginagako jaiak
Urriak 10, ostirala: Ume eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa. Gosearekin etorri!
16:00 Puzgarriak.
Ondoren, eguraldiak laguntzen badu, apar festa.
17:30 Txokolate banaketa eta buruhandi gaizto-gaiztoak.
18:00 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa parranda giroan sartzeko.
21:00 Gazte afaria Atarialde Elkartean. Izena emateko Instagramera idatzi.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez, Dj Hidalgo.

Urriak 11, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Herri kirol erakustaldia.
18:00 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Arranopola txaranga.
00:00 Kontzertuak frontoian: Mirua, Trikidantz.
03:00 Eliza Zaharrean: Dj Jotatxo.
08:00 Errefus bilketa gaupaseroentzat.

Oharrak:
-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.
-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, errespontsabilitate zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.