Aginagan aste honetako "Goazen kalera, Usurbil!"

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 14a, 08:00

Astearteroko ibilaldi osasuntsua, oraingo honetan, Aginagan egin ahalko da urriaren 14an. Herritar orok parte hartu ahal du ekimen horretan.

Udako etenaldiaren ostean, "Goazen Kalera, Usurbil" dinamika duela bi aste itzuli zen, irailaren 30ean. Azaroaren amaierara arte asteartero izango da berriz ibilaldi osasuntsuetan parte hartzeko aukera.

Usurbil herri zaintzailegoa bilakatzeko bidean, bere ekarpena egiten duen dinamika da honako hau. “Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan. Herritar orok parte har dezake, aurrez izena eman beharrik izan gabe.

Garraio zerbitzua
Dakizuenez, iaz berreskuratu zituzten paseo hauek zenbait berrikuntzekin; batetik, Usurbilgo herri eta auzo gehiagotan antolatzen hasi ziren, eragile gehiagorekin lankidetzan eta amaieran, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek sukaldaturiko hamaiketako ederra dastatzeko aukera zuten parte hartzaileek ibilaldiaren amaieran.

Berrikuntza horiei guztiei eutsiko die "Goazen Kalera, Usurbil" dinamikaren itzulerak, beste hobekuntza batekin, ordea, oraingoan. Izan ere, garraio zerbitzua eskainiko da ibilaldiotara joan eta itzultzeko, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.

Lehenengo hitzordua, irailaren 30ean izan zen Santuenean; hurrengoa, urriaren 7an , herri erdigunean. Astearte honetan, hilaren 14an, Aginagan egingo da.

Ordutegiak ohikoa izaten segiko du; paseo osasuntsu hauek 10:30-12:00 artean egingo dira, tokian tokiko frontoitik abiatuta. Segidan duzue, urte amaierara arteko ibilaldien egutegia.

Bestalde, tarteka, ekintza bereziak egingo dituzte eta aurreko hilabeteetan bezala, Eguneko Arretatik nahiz Egurtzegitik igaroko dira, bertako erabiltzaileekin egoteko.

"Goazen Kalera, Usurbil", ikastetxeek, jubilatu elkarteek nahiz Udalak lankidetzan sustaturiko ekimena duzue.

“Goazen kalera, Usurbil”
Egutegia: irailaren 30etik azaroaren 25era.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:30-12:00.
Abiapuntua: tokian tokiko frontoia.

Urria
14: Aginagan.
21: Usurbilgo erdigunean, Egurtzegitik.
28: Zubietan.

Azaroa
4: Usurbilgo erdigunean, ekintza berezia.
11: Aginagan.
18: Santuenean, Zubietako eskolako ikasleekin.
25: Usurbilgo erdigunean, Eguneko Arreta-Artzabaletik.