Aginagako jaiak

Iruditan jasotako Aginagako jaiekin, akabo festen denboraldia

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 13a, 08:50

Aginagako festen bigarren eta azken asteburuarekin akabo uda parteko festen denboraldia.

Haurren zein gazteei eskainitako egunarekin, herri kirolen erakustaldiarekin eta azken gaupasarekin, akabo aurtengoz, Aginagako jaiak eta baita uda parteko ospakizunak ere.

Bizi askoa izandako urriko lehen asteburuaren eta haren osteko atseden egunen ostean, indarberriturik itzuli ziren San Praixkuak Aginagara urriaren 10ean, gaztetxoenen festa handiarekin. Jolasean, puzgarri eta apar festa artean joan zitzaien, Lauburu konpartsaren estreinako bisitak borobildutako eguna. Iluntzean, gazte afariak eta kontzertu gauak hartu zuten festa giroaren lekukoa.

Biharamunean, herri kirolen erakustaldiarekin ekin zioten ospakizunen azken txanpari. Aizkolaritza eta harri-jasotzea uztarturiko hitzorduan bi talde aritu ziren lehian; lehen taldean, Ainitze Zumeta eta Xabat Olaizola harria altxatzen eta Xabier Zaldua aizkoran ibili dira; bigarrenean, Maddi Gesalaga eta Mikel Lopetegi "Urra" harria altxatzen eta Julen Gabirondo aizkoran. Azken horiek izan ziren irabazleak.

Azken gaupasarekin, akabo aurtengo San Praixkuak eta baita iruditan bildu ditugun uda parteko jaien denboraldia ere. Esteka hauetan dituzue ekainean hasi eta igaro den asteburura arte izandako festetan jasotako irudien bildumak:

Udako jaiak iruditan
Aginagako jaiak
Santueneako jaiak
Atxegaldeko jaiak
Urdaiagako jaiak
Zubietako jaiak
Usurbilgo jaiak
Kalezarko jaiak