Hitzarmen sinatzea eta Arrate berrituaren irekiera ostiralean Aginagan

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 28a, 13:22

Usurbilgo Udalak eta Aginagako herri kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatuko dute. Segidan, Arrate ostatu eraberritua inauguratuko dute. Guztia, ostiral honetan, urriaren 31n, arratsaldeko 18:00etan hasiko den hitzorduan izango da.

Hitzordu bikoitza ostiral honetan, urriaren 31n, arratsaldeko 18:00etan Aginagan. Batetik, Usurbilgo Udalak eta Aginagako herri kooperatibak lau urterako lankidetza (beste lau urtez luzagarria) hitzarmena sinatuko dute, biharamunean indarrean jarriko dena. Tarte horretan, udalak ekarpen ekonomiko hau egingo du: “6.353,45 euro 2025ean (azaroa eta abendua), 66.324,70na euro 2026an, 2027an eta 2028an, eta 59.437,25 euro 2029an (urtarriletik urrira). Guztira, 264.764,80 euro, lau urterako”.

Bestetik, Arrate ostatu eraberritua inauguratuko dute. Izan ere, herri kooperatibaren esku geratuko da Arrate. Hitzarmenari dagokionean, Aginagako herri kooperatibaren proposamena jaso zuen Udalak Aginaga biziberritzeko irabazi asmorik gabeko proiektu komunitario bat abiatzeko deialdira. Bi aldeen arteko lankidetza hitzarmena sinatuko dute ostiralean. Horren baitan, “udalak Aginagan dituen bi ekipamendu lagako dizkio herri kooperatibari: Eliza Zaharra eta Arrate ostatua. Herri kooperatibak, bere proposamenean, ekipamendu bakoitzerako planteamendua egin du”. Udaletik aurreratu dutenez, “Eliza Zaharrari dagokionez, urteetako lanketan urrats bat gehiago egin, eta Aginagako kultur mahaia eratu, dinamizatu eta kudeatzeko asmoa adierazi du kooperatibak. Bertako eragileen ekintza eta saioak antolatzeaz gain, kanpotik jasotako proposamenak garatzeko baliabideak ere eskainiko dituzte. Kultur programazioaz arduratuko den dinamizatzaile bat kontratatuko dute, urteko kultur programazioaz, material teknikoa zaindu eta prestatzeaz eta dirulaguntzak kudeatzeaz ardura dadin, besteak beste”. Eliza Zaharrak dituen ur filtrazioen harira, fatxada konpontzekoak dira.

Aldez aurretik, udal-brigadak udan eginiko egokitze lanen ondotik, bestalde, Arrate eraberrituak taberna, denda eta jantoki komunitarioa izango ditu “eskola txikiko haurrentzat ez ezik, gainerako herritarrentzat ere irekia izango dena, zaintzaren ikuspegitik egin dezakeen ekarpena mahai gainean jarriz. Kasu honetan, sukaldari bat eta tabernari/dendari postuak sortuko dituzte. Usurbilgo zein Euskal Herriko elikagaiak oinarri izango dituen denda bat ere jarriko dute, espazio berean, posible den heinean, ekoizleekin zuzeneko hartu-emanaren bidez”.

Diagnosia abiapuntu
Egitasmo honek orain arte jorraturiko bidea gogorarazi du Udalak. 2022an herri eragileek eta Aztikerrek eginiko galdetegi bat izan zuen abiapuntu. Izan ere, 460 biztanle inguruko herriak. “Euskal Herriko landa-eremu askok bizi duten bilakaera antzekoa bizi du Aginagak ere. Azken urteetan, hainbat erronka izan ditu: belaunaldi berrientzako etxebizitza falta eta enplegu aukera urritasuna, tokiko zerbitzuen murrizketa eta komunitate harremanen ahultzea”.

Egoera iraultzeko lehenbizi errealitatea ezagutzetik ekin zioten. “Biztanleen %36,5ak parte hartu zuen eta kezka nagusiak ondorioztatu zituzten: oinarrizko erosketak egiteko denda baten falta, zerbitzuen galera orokorra, etxebizitza falta, garraio publiko eta komunikazio eskasa eta kale giroaren eta herriko bizitzaren falta”.

Testuinguru horretan, “herritarrek, eragileek eta udalak herri proiektu eraldatzaileen alde egiteko beharra nabarmendu zuten, denen arteko lankidetza bultzatzearekin batera. Udalak gertutik jarraitu du prozesua, eta Aginagan egindako diagnostikoa bere egin du, baita konponbideak topatzeko estrategia konpartitu bat izateko borondatea agertu ere. Azken urteetan Aginagaren eta udalaren arteko harremana asko hobetu da, koordinaziorako eta elkarlanerako espazioak sortuta, eta eraldaketarako baldintza egokiak sortu dira. Azken urteotako lanketa horrek guztiak ahalbidetu du Aginagan herri kooperatiba bat sortu eta proiektu komunitarioa bultzatzeko aukera sortu izana”.