Asiako txirlaren (Corbicula fluminea) aurkitu dute Orian, Aginaga parean. Hala adierazi du Uraren Euskal Agentziak. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako aipatu agentziak egindako laginketa berrien arabera, "ale biziak daude Oria beheko lau puntutan, guztiak marearteko trantsizio-tarteetan eta ugaltzeko ahalmena duten aleak hauteman dira puntu horietako batean, non banako gazteak aurkitu diren".
URA agentziatik gogora ekarri dutenez, "aurkikuntza 2025eko urtarrilaren 10ean gertatu zen, eta espezie inbaditzaile horren baieztatutako lehen aipua da Gipuzkoan". Ondorioz, "URAk EAEko Zebra Muskuiluaren Kontrolerako Jarraipen eta Koordinazio Batzordean proposatuta, lurralde osoan zehar prospekzio bat egitea erabaki zen, Orian aurkitutako populazioaren lurralde-eremua ezagutzeko eta espezie horren balizko populazio berriak beste arro batzuetan aurkitzen saiatzeko".
Oraingoz, Aginagan baino ez
Urte hasieraz geroztik, "URAk laginketa-kanpaina bat koordinatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko 32 tokitan, espeziearen hedadura norainokoa zen ezagutzeko eta beste ur-masa batzuetan dagoen ala ez ikusteko".
Ondorioak argiak dira URA agentziakoen esanetan. "Asiako txirlaren presentzia Oria Beheko tarteko 3 km-tan zehar baino ez da baieztatu. Ale gazteen presentzia antzeman da, eta horrek populazio ugaltzaile aktiboa dagoela berresten du". Eremu horretatik kanpo, "espeziea ez da hauteman, ez ibaian gora, ez ibaian behera, jada ezagunak diren tarteetan, ezta beste arro edo urtegi batzuetan ere, non aipamen zaharrak baitzeuden, hala nola Urrunagan (Araba) eta Undurragan (Bizkaia): zebra-muskuiluaren larba-jarraipenaren esparruan bildutakoak". Horren harira, ikerketaren sustatzaileek azaldu dutenez, laginak bildutako gainerako "EAEko ibai, urtegi eta trantsizio-eremuetan lagindutako gainerako 32 puntuetan ez da espeziearen presentziarik aurkitu".
"Ahalmen inbaditzaile handikoa"
Halere, ohartarazi dutenez, "laginketa horien emaitzen arabera, espezie horren presentzia, oraingoz, oso txikia dela dirudi, Oriako tarte txiki batera mugatuta dagoela, baina ezin da baztertu egindako laginketetan detektatu ezin izan diren beste populazio batzuk egotea".
Izan ere, espezie horri buruz URA agentziak emandako xehetasunen arabera, "Asiako txirla Asiako hegoaldean eta ekialdean sortutako bibalbo gozo-urtarra da, ahalmen inbaditzaile handikoa. Populazio oso ugariak osa ditzake, espezie autoktonoak lekuz alda ditzake, eta kalte ekologiko eta sozioekonomiko handiak eragin ditzake, bereziki azpiegitura hidraulikoen buxaduragatik (kanalak, hodiak, iragazteko sistemak, etab.)".
Iberiar penintsulan, besteak beste, "espeziea oso sakabanatuta dago arro hidrografiko gehienetan, eta kaltetuenak Miño behekoak, Kataluniakoak, Ebrokoak, Guadianakoak eta Duerokoak dira. Bizi-ziklo laburra eta ugalketa-tasa altua duenez, berehala koloniza ditzake habitat berriak".
Jarraipenerako deia
Testuinguru horretan, kontrol-sare sistematiko bat jarriko du martxan URAk, "Asiako txirlaren, zebra-muskuiluaren, zein beste espezie inbaditzaile batzuen jarraipena egiteko". Jarraipen horretara batzeko deia egin diete herritarrei, bereziki, arrantzaleei nahiz ibaietako erabiltzaileei, "ibai-ingurunean saihets zentrokide eta zimurtsuak dituzten txirla txikiak ikusten dituztela jakinaraz dezaten".
Erabiltzaileei begirako ohar hau kaleratu du URAk; "gogoan izan behar da oso garrantzitsua dela ura, landaredia edo sedimentuak ibilguetatik behar bezala garbitu gabe lekualdatzea saihestea, espezie inbaditzaileak ez sakabanatzeko".
Uraren Euskal Agentziak eginiko lanketari buruzko xehetasun gehiago esteka honetan jaso daitezke; uragentzia.euskadi.eus
