Bosgarrenez gorazarrea egin zioten, beste behin, euskarari Aginagako Eliza Zaharra elkargunetik azaroaren 29ko gau euritsuan. Giro ezin gozoagoan, hiru ordu pasatxoko emanaldi desberdin eta bakarraren lekuko izan ziren hara joandakoak. Izan ere, gutxitan izaten baita hain arte diziplina ezberdinetako tokiko nahiz Euskal Herriko artistak bateratzen dituen euskarazko hitzordu bat hurbiletik bizitzeko aukera. Horixe sustatzen dute urtero Aginagan, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian.
Aurtengoan, Alberto Pikabeak aurkezturiko saioan zehar, Asier Kidam magoaren emanaldiak liluratu zituen ikus-entzuleak. Ilargik bere bigarren diska berriko zenbait kanta aurkeztu zituen. Esti Curielek umore kritikoa ardatz, bakarrizketa saio ederra eskaini zuen. Eider Arsuaga herrikideak pole-dance erakustaldi txalotua eskaini zuen. Mikel Bermejo lasartearrak bere Madrileko euskarari lotutako bizipenak ekarri zituen. Xabin Fernandezek emanaldia bera izan zuen jomuga bere saioan. Jon Maiak euskarari errezitatu zion. Pettik eta Ana Galarragak osatu zuten kantugintzaren tartea. Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek eta dantzariek eman zieten hasiera oholtza gainean; amaitu, aldiz, mahai gainetik. Unai Gaztelumendik emanaldian zehar artista guztiei eginiko ilustrazioak eskuartean zituztela agurtu zuten Euskararen Gala hurrengo urtera arte.