"Almazenean" antzezlana Aginagan

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 8a

Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga antzezle izango dituen "Almazenean" sorkuntza lana oholtzaratuko dute larunbatean, abenduaren 13an Aginagako Eliza Zaharrean.

Euskararen Galaren ondotik, urte amaierara begira dira Aginagan. Negu hasierako ospakizunen zikloaren baitan zenbait ekintza antolatu dituzte. Aurretik, ordea, antzezlan bat programatu dute larunbat honetarako, abenduaren 13rako hain zuzen: "Almazenean" izeneko antzezlana, iluntzeko 20:00etan Eliza Zaharrean. Sarrerak salgai izango dituzue aurrez 8 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman edo Aginagako Arraten.

Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak antolaturiko hitzorduak bi protagonista izango ditu; Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza. "Erretreta hartzeko dagoen arduraduna (Iker Galartza) eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak (Zuhaitz Gurrutxaga), ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean".

Hortik aurrera, "erlojuaren tik-tak okerra, bi ezezagunen arteko isilune deserosoa, esperoan egotearen amorrazioa, bi pertsonaien arteko gatazka eta gezur handi baten zama... Baldintza horien guztien baitan, bi langileen arteko harremana estutzen joango da eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientzia".

Antzezlanak hausnarketa plazaratzen du, "lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz" hain zuzen. "David Desola idazle kataluniarraren komedia zorrotz eta garratzak Hermanos Machado Saria jaso zuen 2003an".

Negu hasierako ospakizunei begira
"Almazenean" antzezlanaren ondotik, gabon giroko zenbait ekintza antolatu dituzte Aginagan. Lehenbizi, eskolakoak izango dira eguberri giroa herrian barrena hedatuko duten lehenengoak. Gero, hilaren 20an, gabonetako zuhaitzaren eta apaingarrien muntaia bideratuko dute. Azkenik, hilaren 23an egingo diete harrera Mari Domingiri eta Olentzerori.