Gabonak

Olentzeroren etorrera eta haren aurreko girotzea Aginagan

Noaua Aldizkaria 2025eko abenduaren 17a

Abenduaren 23an helduko da ikazkin ezagunena Aginagara. Aurretik, bere egonlekua apaintzeko hitzordua finkatu dute.

Negu hasierako ospakizun ziklo betean sartzear gara. Hamaika hitzordu izango dira egunotan Usurbilgo herri eta auzoetan; tartean, Aginagan. Ohi bezala, Usurbilera heldu aurretik, lehen geltokia Aginagan egingo du Olentzerok abenduaren 23an. Mendi aldetik behera ohiko bidetik helduko da bertara ikazkin ezagunena. Eliza Zaharrean egingo zaio harrera ofiziala. Gaztain jan ederraren bueltan, euskal gabon kantek giroturiko hitzorduan nahi duenak Olentzerorengana gerturatu eta eskutitza helarazteko aukera izango du.

Ordurako apain-apain jarrita izango dute Eliza Zaharra. Izan ere, hiru egun lehenago, hilaren 20an, apaingarriak nahiz zuhaitza jartzeko hitzordua iragarri dute bertan, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira auzolanean Eliza Zaharrean.

Eguberri giroa Aginagara hedatzen lehenak, halere, bertako eskolakoak izango dira egunotan.