Ezohiko ostirala gaur ikastetxeetan, urteko azkena eguneroko jardunari dagokionean, baina aipatu moduan, langileak eta ikasleak egunerokotasunetik aterarazi dituena. Izan ere, abenduak 19 ditu gaur, negu hasierako oporraldian murgiltzen hasteko eguna da ikastetxeentzat; tartean, Aginagako eskolakoentzat.
Ostiral goiz euritsua izan da, baina ez die urteroko ohitura berritzea zapuztu. Gabon giroko kantu saio ibiltaria egin dute eskolatik hasi eta Aginagako erdigunean barrena. Etxez etxe, kantu-kantari aritu dira eta baita aurrez prestatutako bertsotan ere. Bizilagunek trukean jan-edana edo laguntzatxoa eskaini diete.
Urte garai honetako euskal kantutegiari errepaso ederra eman ostean, eguerdian dastatzekoa zuten hamaiketako goxoarekin, badoaz merezitako 2025-26 ikasturteko lehen hiruhilekoaren osteko ia hiru asteko oporraldira. Urtarrilaren 7an itzuliko dira ikasgeletara.
Olentzeroren zain
Eskolakoek barreiatu dute Aginaga erdigunean gabon giroa. Herritarrek hartuko diete lekukoa hurrengo egunotarako antolaturiko ekintzekin. Izan ere, gabonez apaindu asmo dute larunbat honetan, abenduaren 20an, Aginagako Eliza Zaharra. Dena apain-apain izatea nahi dute, hilaren 23an Olentzeroren etorrerarako:
Gabonak Aginagan
Abenduak 20, larunbata
17:00 Apaingarriak nahiz zuhaitza jartzea Eliza Zaharrean.
Abenduak 23, asteartea
18:00 Olentzeroren etorrera mendi aldetik. Gaztain janarekin eta gabon kanten artean, harrera Aginagako Eliza Zaharrean. Olentzerori gutunak helarazteko aukera.