Eguberri giroa Aginagara ekartzen lehenak izan ziren ostiralean bertako eskolako langile, guraso eta ikasleak, goizean zehar etxez etxe eginiko kantu saioarekin. Biharamun honetan, apainketa lanetan jardun dute auzolanean. Larunbat arratsalde honetan, eguberrietako zuhaitza jarri eta argiztatu dute, jada ala formako argiak sarbidean dituen Eliza Zaharrean.
Auzolana, gainera, sabela pozteko ere baliatu dute. Izan ere, urte garai honi begirako ekimen ezin aproposagoari ere bide eman diote; talo jan ederra izan dute askaritarako, Arrate sarrerako terrazan. Jakiak, gainera, hitzordura bertaraturiko gaztetxo eta gurasoek eskuz prestatu dituzte. Talo tailer ederrean parte hartu dute denek.
Badator Olentzero
Ekintzokin Aginaga eguberri giro betean da honenbestez, Olentzero noiz etorriko zain dira jada. Gogoan izan, Euskal Herriko ikazkin ezagunenak inguruotako lehen bisita Aginagan egingo duela. Datorren astearte iluntzean izango da, hilaren 23an. Mendi aldetik Sekañako bidegurutzetik behera jaitsiko da eta handik Eliza Zaharrerainoko ibilbidea osatuko du.
Aginagako Eliza Zaharrean egingo zaio harrera. Nahi duenak berarekin egon eta eskarien gutuna helarazi ahalko dio. Horrez gain, gaztain jana egingo da. Eta nola ez, gabon kantez girotuko dute, arratsaldeko 18:00etan hasiko den hitzordua.