Hainbeste itxarondako unea, gaztetxoenen artean ikusmin handia sortu ohi duenaren irudia gaur estreinakoz eta Usurbili aurre hartuz Aginagan. Iritsi da, heldu da Olentzero! Lastargien bidea argiztatu diotenen laguntzaz, heldu da mendi aldetik iluntzeko 18:00ak jota. Aurtengoan, euripean egin du Aginagarainoko bidea. Sekañako bidegurutzean zain zaituzten hainbat familia, Eliza Zaharrerainoko ibilbidea osatzeko; ikazkina urrun zelarik, haurrak Olentzerori deiadarka.
Trikitilariak buru, bidea argitu diotenek inguratuta eta bere atzetik harrera egitera joandakoak, denek batera egin dituzte Eliza Zaharrerainoko azken metroak. Barruan, giro ezin goxoagoan, apain-apain zuten eremuan hartu du lekua ikazkinak bertaraturikoei hitz batzuk helarazteko.
"Behingoagatik umeak protagonistak!"
Beste ezer baino lehen, eskerrak helarazi nahi izan dizkie, "halako harrera egiteagatik. Ez nekien oraindik Olentzerok hainbeste jarraitzaile zituenik. Uste nuen denok Bizarzuriren zaletuak zinetela".
Urtea amaitzear dugun honetan, negu hasierako ospakizun egunak gain-gainean ditugu. "Familian, lagunartean gozo pasatzeko egunak dira, haserretu gabe". Mezu orokor horren baitan, ordea, belaunaldi gazteenari dagokion lekua ematea aldarrikatu du Olentzerok Aginagako Eliza Zaharretik. "Denon egunak badira ere, umeak dira protagonistak. Behingoagatik umeak protagonistak!", goraipatu du ikazkinak. Honakoa eskatu du gaztetxoenentzat. "Umeei eman ilusioa, poza, maitasuna eta opariren bat edo beste gustura hartzen dute. Bi badira, bat baino hobeto".
Gero, bertaraturiko haurrekin egoteko tartea hartu du Olentzerok. Haien gutunak jaso eta eskariak entzuten aritu da.
Ez zaio lanik faltako, 24 ordu barru, abenduaren 24ko gauean. Aldez aurretik, ordea, gogoan izan, bisita gehiago egitekotan dela Mari Domingirekin batera.
Mari Domingiren eta Olentzeroren bisitak
Abenduak 24, asteazkena
17:30 Kalezarko Egurtzegi paretik kalejira. Ibilbidea: Kalezar, Aliprox ondoko biribilgunea, Mikel Laboa plaza, Dema plaza.
Oharra: adi, eguraldiak kalejiraren noranzkoa, ibilbidea bera aldarazi dezake, iaz gertatu zen moduan.
Zehaztasunak: “Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira Galtzagorriek bihurrikeriaren bat egingo dute Mikel Laboa plazan eta ondoren, dema plazan nahi duenak Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango du”, iragarri dute antolatzaileek. Prestaketa lanetan aritu dira lankidetzan Udala, hainbat herritar eta eragile".
18:00 Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera Santueneara.
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.