Urtarrilaren 20an

Aginagan hasiko du "Goazen Kalera" dinamikak 2026ko bira

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 19a

Astearte honetan, urtarrilaren 20an ekingo zaie astearteroko ibilaldi osasuntsuei.

Asteotako etenaldiaren ondotik, bueltan dator Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, nabarmentzeko moduko ekarpena egiten segitzen duen "Goazen Kalera" dinamika. Astearteroko ibilaldi osasuntsuei ekingo die Udalak berriz, eragile gehiagorekin lankidetzan, bihartik, urtarrilaren 20tik aurrera.

Orain arteko ordutegiari eutsiko zaio; asteartero egingo dira paseo horiek, 10:30-12:00 artean, Usurbilgo herri eta auzoetan, tokian tokiko frontoitik abiatuta. Lehenengo ibilaldia, astearte honetarako, hilaren 20rako dute programatua. Aginagan egingo da. 10:30etan abiatuko da bertako frontoitik. Hara joateko, udazkenean zehar egin bezala, taxi zerbitzua eskainiko da goizeko 10:15ean Laurok liburu-denda parean.

Ibilaldi bakoitzaren amaieran, bestalde, orain arte bezala, Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestaturiko hamaiketako goxoa dastatu ahalko dute partaideek.

Elkarren arteko zaintza
Herri osoari zuzendurikoak dira ibilaldi hauek. Edonork parte har dezake, doan, aurrez izena eman beharrik izan gabe.

“Ariketa fisikoa egiteaz gainera, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea ditu helburu Goazen kalera, Usurbil ekimenak”, antolatzaileen esanetan.

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko da:
Gizarte zerbitzuen egoitza: Kale Nagusia, 43
943 371 951