Euri urak bai, Oriara isurtzen segi baina ur zikinak Loiolako araztegira bideratzeko hainbat azpiegitura lan egin dira urteotan udalerri honetan. Zeregin horri segida emango zaio laster Aginagan. Izan ere, bertako saneamendu sarearen zati bat egokitzeko lanak esleitu dituela berri eman du Usurbilgo Udalak. "Aginagako saneamendu sarearen zati bat egokitzeko obra egingo du, Maioz inguruan", jakinarazi du.
Helburu bikoitza izango dute lanok. Izan ere, "Euri urak ibaira isuri eta ur zikinak Loiolako araztegira bideratzea da". Lanok esleitu ditu jada. Eregi Herrilan eta Zerbitzuak enpresa arduratuko da egokitze lan horietaz, 384.865 euroren truke.
Eremu horren egunerokoa baldintzatuko dute, otsaila hasieran abiarazi eta 22 aste, bospasei hilabetez luzatuko diren obrek. "Maioz inguruko obrek eragina izango dute oinezko zein ibilgailuen mugikortasunean: ibilbide alternatiboak egokituko dira, eragina ahalik eta txikiena izan dadin", Udalak ohartarazi duenez.
Beste hobekuntza bat
Lan hauen harira, Udalak gogora ekarri duenez, "Añarbek eta Euskal Ur Agentziak saneamenduari lotutako inbertsio garrantzitsua egin dute, azken urteotan, Aginagan eta Txokoalden. Bi erakundeen artean sinatutako hitzarmen baten bidez, Osinalde industriagunetik Aginagaraino egin zituzten lanak: 5,4 milioi euroko inbertsioa izan zen. Obra horren bidez, Urak-ek eta Añarbek ur zikinak Loiolako araztegira eramateko azpiegitura nagusia eraiki zuten: udalak bere eskumeneko sarea egokitu behar du orain".
Udalak berak ere, saneamendu sarean hainbat hobekuntza lan egin dituela gaineratu du. "Kalezar, Ugarte eta Ugaldea industria gunean egindako saneamendu lanak eginda, Aginagako kaxkoko sarea berrituko du orain. Aurrera begira norabide berean lanean segitzeko eremuak ere identifikatuak ditu udalak: tartean leudeke Ugartondo-Harane ingurua eta Aginagako beste isurketa guneak eguneratzea".