Agate deunaren bezperan, kantuan plazaratzeko deia

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 31

Datorren asteazkena, otsailaren 4a, Agate Deunaren bezpera izango dugu, kantuan plazaratzeko hitzordu bat baino gehiago iragarri dira.

Ohi bezala, otsailaren 4an, lurrari makilen kolpeen hotsez deiadarka esnatzeko eguna izango da. Agate deunaren bezperan, oso errotua dugun ohitura berritzeko aukera izango da kantuan.

Lehenbizi, ikastetxeek girotuko dute kantu saiookin; Aginagako eskolakoek edota Udarregi ikastolakoek hain zuzen. Aginagako eskolakoak bazkalostean irtengo dira ikastetxe paretik eskean. "Beti bezala eskola aurrean elkartuko gara makilak eskuan", berri eman dute.

Ikastolak hiru hitzordu antolatu ditu. “Udarregi ikastolako ikasleak, otsailaren laugarren egunean, Agate Deunaren bezperan, makilak eskuetan hartuz eta lurra kolpatuz, euskal usadio zaharraren urratsak jarraitzeko asmoz, kalera irtengo dira”, berri eman diote NOAUA!ri. 

Deialdiokin bat egiteko gonbita egin dute. “Basoak bezala aharrausi egin, gorputza esnatu, mugikorrak etxean utzi eta etorri gurekin batera abestuz gozatzera!”.

Sorkuntza propiokoak
Kopletan ere ariko dira kalejirotan. “Koplak sortzeko eta jendaurrean abesteko aukera ematen du egun honek eta LH5. mailatik gora, ikasleak, lan honetan dabiltza, gune ezberdinetan "Dios Te Salbe" kantu zaharraren doinua erabiliz kopla hauek abesteko prestatzen. Agate egun bezperan abestuko dituzten beste kantuak hauek izango dira: Imanol Urbietak sortutako "Santa Ageda Ageda" kanta, hiru ahotsetan Udarregiko Orfeoiak abestua (orfeoia = 65 abeslariz gorako taldea. Udarregiko orfeoia =  360 abeslari), "Zorion Etxe Hontako Denoi" kanta eta Xabier Zabalak Pirritx eta Porrotxentzat sortutako Oles Oles kanta, Udarregin sortutako dantza eginez. Oles Oles, lurra, esna zaitez!”.

Egurtzegitik
Eguna borobiltzeko, Kantu Taldekoak irtengo dira abestera Egurtzegitik, “bertakoei ere antzinako usadioa berritzeko parada emateko”. Kalejirara baserritar jantziekin bat egiteko deia egin dute. HItzordu horren aurretik, larunbat honetan egingo dute urteko ohiko lehen kantu-jira.

Agate deunaren bezperako kantu saioak
Otsailak 4, asteazkena
Aginagako eskola
14:30ak aldera,
eskean abiatuko dira.

Udarregi ikastola
13:00-14:30 DBHkoen kalejira ikastolatik. Ibilbidea: Mikel Laboa plaza, Artzabal eta Egurtzegi.
14:45 LH-koen saioa herri erdigunean barrena.
15:50ak aldera, LH eta HH-koen amaiera bateratua frontoian.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.


Usurbilgo Euskal Kantu Taldea
Otsailak 4, asteazkena
18:00
Santa Ageda bezperako kantaldia Kalezarko Egurtzegitik.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.