Eñaut Elorrietaren Aginagako kontzerturako sarrerak agortuak

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 9a

Eñaut Elorrietak otsailaren 22an Aginagako Eliza Zaharrean eskainitako kontzerturako usurbilkultura.eus plataformako sarrerak agortu dira.

Hilabete amaiera girotua izango dute honako hau Aginagan, Eliza Zaharrak antolaturiko ekitaldiei esker. Izan ere, erromeria eta bertso-afaria antolatu ditu otsailaren 28an. Adi, erromerirako sarrera doakoa izango den arren, bertso-afarikoa ordaindu beharko da eta astearte honetan, otsailaren 10ean jartzekoak dituzte salgai sarrerok.

Aurretik, Eñaut Elorrietaren kontzertua programatu dute gune berean. Lerrootan albiste dugu kontzertu hau, saiorako usurbilkultura.eus plataformako sarrerak agortu dira eta.

Aurreko bere "Fantasia" sorkuntza lanari lotutako biraren ondotik eta hurrengo diska ondu artean eskaintzen ari den "Ateosteko Bira" izenekoaren baitako kontzertua izango da Elorrietak hilaren 22an Aginagako Eliza Zaharrean eskainiko duena.

Musikaz giroturiko hilabete amaiera Aginagan
Otsailak 22, igandea
18:00 Eñaut Elorrietaren kontzertua Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Fantasia diskoa aurkezteko bira amatuta, eta, hurrengo lan luzea ondu bitartean, Ateosteko Bira eskainiko du Eñaut Elorrietak. Bira txiki eta berezia izango da. Antzokietatik irtenda, eliza, ermita eta baselizak lehenetsiko ditu Ateosteko Birak. Harrizko hormak, egurrezko eserlekuak eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa. Elizaren oihartzunaren kontra tematu beharrean, pareten erantzunarekin jolastuko du. Elorrietak, harriari ahotsa ateraz, beste garai batzuetako kantuen memoria aktibatuz. Soinu eta argi-ekipo soil eta zainduarekin, ahots eta gitarra hutsez eskainiko du Eñaut Elorrietak bere ibilbide osoko kanten aukeraketa zabala. Kontzertu zuzenak eta biluziak izango dira, herri-kanturen eta esperimentazioaren artean, ahotsaren posibilitateetan arakatuko dutenak".
Sarrerak: agortuak.

Otsailak 28, larunbata
Aginagako Eliza Zaharrean:
18:00 Erromeria Ostolaza eta Larrañaga trikitilariekin giroa berotzeko. Sarrera, doan.
21:00 Bertso-afari ederra eta hiru bertsolari handi kantuan: Andoni Egaña, Xabat Illarregi eta Nerea Elustondo. Gai-jartzailea: Ibai Esoain.
Menua: iberikoak, patea, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrilan, Eceizako pasteltxoak, kafea eta kopa.
Sarrera: 30 euro. Otsailaren 10etik aurrera salgai Arrate Ostatuan eta usurbilkultura.eus plataforman.

Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.