Urte eta erdi pasatxoko ibilbidea egin du gai honek. Izan ere, 2024ko uztailaren 19an aipatu ontziralekuaren "itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko administrazio-emakida eskaera" egin zion Udalak "Trantsizio Ekologikorako eta Estatuko Administrazio Orokorraren Erronka Demografikorako Ministerioaren Gipuzkoako Itsasertz Zerbitzu Probintzialari".
Tramitazio bide horretan, iazko apirilaren 1ean eskumen eskuordetzea gertatu zen. Indarrean sartu zen errege dekretuak "itsasertzaren antolamenduaren eta kudeaketaren arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari" eskualdatu zizkion.
Ordutik, Eusko Jaurlaritza da gai hori ebazteko eskumena duen erakundea. Abendu hasieran, Jaurlaritzaren Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak "itsaslehorreko jabari publikoa okupatzeko administrazio-emakida emateko baldintzak" ezarri zizkion Udalari, proiektu hau gauzatu ahal izateko.
Baldintza horiek aho batez onartu zituen udalbatzak urtarrilaren 29an eginiko osoko bilkuran. Bitxikeria moduan, udal gobernu taldeak jakin ahal izan duenez, gai honi lotutako espedientea izan da eskumenen eskualdaketa gauzatu ostean, Jaurlaritzak aztertu duen lehen gaia. Eskualdaketa horrek proiektu honen tramitazioan atzerapena eragin duela gaineratu zuten.