Alejandro Tapiaren bi sortze lan jaso ditu dohaintzan San Telmo Museoak

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 19a

Argazkia: Iker Azurmendi.

Donostiako García Ramos sendiaren hamar artelan jaso ditu dohaintzan hiriburuko San Telmo Museoak; tartean, Alejandro Tapia aginagarraren bi margolan.

Donostiako San Telmo Museoak bere esku ditu 2016ko abenduan zendutako Alejandro Tapia aginagarraren bi sortze lan berri. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuko García Ramos sendiaren hamar artelan jaso ditu dohaintzan aipatu museoak. Horien artean, bi Alejandro Tapia aginagar artistarenak dira. Bat "Aiako bistak" izeneko oihal gaineko olio lana da, 65x80 zentimetrokoa. Bigarrenak "La fábrica" izena du. San Telmo Museoak jakinarazi duenez, 1965. urtekoa da. Hau ere, oihalean sortutako olio lana, aurrekoa baino txikixeagoa, 60x72 zentimetrokoa. Bi lanok aipatu sendiak Alejandro Tapiak museoan ikusgai jarritako lanen erakusketa batean eskuratu zituen.

Gainerako zortzi sorkuntza lanak, Julián Tellaeche, Aurelio Arteta, Ricardo Baroja, Eduardo Chillida, Ascensio Martiarena, Carlos Marcote, Gaspar Montes eta Arturo Acebalenak dira. Guztira, "zortzi olio, akuafuerte bat eta zeramikazko eskultura bat" daude García Ramosek San Telmo Museoari eginiko dohaintza horretan.

Etorkizunean ikusgai
Aipatu museotik azaldu dutenez, "egungo emaileen gurasoek urtetan zehar sortu zuten bildumaren zati bat da dohaintza. Gustuko zuten artea, ohikoak ziren erakusketatan, galeriatan eta enkanteetan, eta harremanak zituzten sektoreko artista eta profesionalekin. Koadroak erosi eta saltzen zituzten, eta urteen poderioz familiaren bilduma handitzen joan ziren. Gurasoak eta anaietako bat hil zirenean, bildumaren zati bat San Telmori ematea erabaki zuten".

Jasotako dohaintza horretako lan guztiok errestauratu eta gero museoan jarri asmo dituzte ikusgai.

San Telmo Museoak dohaintzan jasotako artelanak
-Ascensio Martiarena: Barcazas en el Sena. Olioa / Oihala. 40 x 48,5 cm
-Gaspar Montes Iturrioz: Huertas de Amute (Irun). Olioa / Oihala. 55 x 65 cm
-Aurelio Arteta: Recolección de las manzanas (ca. 1913 – 1915). Olioa / Kartoia. 51 x 34,5 cm
-Julián de Tellaeche: Descargando en el puerto (1931). Olioa eta grafitoa / Kartoia. 99 x 36 cm
-Carlos Marcote: Gure gurasoak (1995). Olioa / Oihala. 94 x 63 cm
-Alejandro Tapia: Vista de Aia. Olioa / Oihala. 65 x 80 cm
-Alejandro Tapia: La fábrica (1965). Olioa / Oihala. 60 x 72 cm
-Ricardo Baroja: La maestra de Oscoz (ca. 1938). Olioa / Oihala. 64 x 49 cm
-Eduardo Chillida: Aurrera (1967). Akuafortea / BFK papera. 43,5 x 55 cm. H.C. 50 zenbakiko edizioa. Maeght editorea
-Arturo Acebal Idígoras: Cabeza de mujer (1967). Supeko zeramika. 25 x 20 x 23 cm