Sarrerak azkar agorturiko Eñaut Elorrietaren kontzertua igandean

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 20a

Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak otsaileko bigarren hamabostaldi honetarako antolaturiko hitzorduen artean da igandeko Eñaut Elorrietaren kontzertua eta hilaren 28ko bertso-afaria. Azken hitzordu horretarako sarrerak salgai dituzue oraindik.

Hilabete amaiera girotua izango dute honako hau Aginagan, Eliza Zaharrak antolaturiko ekitaldiei esker. Izan ere, erromeria eta bertso-afaria antolatu ditu otsailaren 28an. Adi, erromerirako sarrera doakoa izango den arren, bertso-afarikoa ordaindu beharko da. Sarrerok Arrate Ostatuan nahiz usurbilkultura.eus plataforman dituzue salgai.

Aurretik, Eñaut Elorrietaren kontzertua programatu dute gune berean igande honetan, otsailaren 22an, baina sarrerak agortuak daude. Aurreko bere "Fantasia" sorkuntza lanari lotutako biraren ondotik eta hurrengo diska ondu artean eskaintzen ari den "Ateosteko Bira" izenekoaren baitako kontzertua izango da Elorrietak hilaren 22an Aginagako Eliza Zaharrean eskainiko duena.

Musikaz giroturiko hilabete amaiera Aginagan
Otsailak 22, igandea
18:00 Eñaut Elorrietaren kontzertua Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Fantasia diskoa aurkezteko bira amatuta, eta, hurrengo lan luzea ondu bitartean, Ateosteko Bira eskainiko du Eñaut Elorrietak. Bira txiki eta berezia izango da. Antzokietatik irtenda, eliza, ermita eta baselizak lehenetsiko ditu Ateosteko Birak. Harrizko hormak, egurrezko eserlekuak eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa. Elizaren oihartzunaren kontra tematu beharrean, pareten erantzunarekin jolastuko du. Elorrietak, harriari ahotsa ateraz, beste garai batzuetako kantuen memoria aktibatuz. Soinu eta argi-ekipo soil eta zainduarekin, ahots eta gitarra hutsez eskainiko du Eñaut Elorrietak bere ibilbide osoko kanten aukeraketa zabala. Kontzertu zuzenak eta biluziak izango dira, herri-kanturen eta esperimentazioaren artean, ahotsaren posibilitateetan arakatuko dutenak".
Sarrerak: agortuak.

Otsailak 28, larunbata
Aginagako Eliza Zaharrean:
18:00 Erromeria Ostolaza eta Larrañaga trikitilariekin giroa berotzeko. Sarrera, doan.
21:00 Bertso-afari ederra eta hiru bertsolari handi kantuan: Andoni Egaña, Xabat Illarregi eta Nerea Elustondo. Gai-jartzailea: Ibai Esoain.
Menua: iberikoak, patea, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrilan, Eceizako pasteltxoak, kafea eta kopa.
Sarrera: 30 euro. Arrate Ostatuan eta usurbilkultura.eus plataforman.

Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.