Azken orduotako euriteek islada nabarmena izan dute errioan. Ur-emari handiarekin lehiatzea egokitu zaie, larunbat honetan, martxoaren 7an jokatutako Oriako 32. Traineru Jaitsierako partaideei. Laurogei ontzi elkartu ditu hitzorduak Aginagako Sarikolan eta Mapilen. Bi abiapuntu horiek izan ditu aurtengo edizioak ere.
Denek Orio izan dute helmuga. Aldiz, abiapuntu ezberdina; 80tik 61 ontzi abiatu dira Sarikola aldetik. Gainerako hemeretziak Mapiletik. Askotarikoa izan da parte hartzaileen adina, jatorria edota taldekatze modua. Izan ere, egunotan probaren antolatzaile Orio Arraunketa Elkarteak aurreratu moduan, "Girona, Bartzelona, Tarragona, Gandia, Malaga, Pontevedra, A Coruña edota Santander" aldeko taldeak erakarri ditu aurtengo edizioak.
Adin tarte oso zabaleko partaideak ikusi ditugu, belaunaldi ezberdinetako kirolariak, eta taldekatze modu ezberdinak, adinaren nahiz generoaren ikuspuntutik.
Denen artean, gutxitan bezala biziberritu dute Oria. Traineru festa giro ederra piztu dute. Halakoetan, sarritan, arreta gunea helmuga izan ohi den arren, abiapuntua bezalakorik ez, ekimen honek eragiten duen mugimendua ikusi ahal izateko.
Hainbat lagun gerturatu dira Aginaga aldera proba honen hasiera ikustera. Hitzorduaren bidez, errioa ere gutxitan bezala ikusteko modua izan da, egunerokoan errioa bizitzen ez den ikuspuntu ederretik gainera. Inguru eder askoan jokatu baita traineru jaitsiera hau, beste urte batez.
Aurtengoan, Orio nagusitu da betaranoen gizonezko absolutuen mailan, Arraun Lagunak emakumezkoenean. Segidan duzue, Orio Arraunketa Elkarteak kaleraturiko proba honen emaitzan berri:



