"Kirolean bideak irekiz eta berdintasunaren aldeko aldaketa eta eraldaketa sozialak eraginez beren jarrerarengatik edo ibilbidearengatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuen jarduna publikoki" saritu eta aitortzea du xede urtero, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016. urteaz geroztik ematen duen Carmen Adarraga Sariak. Adarraga (Hernani, 1921-2004) "Gipuzkoako kirolaren aitzindaria izan zen: Espainiako saskibaloiko selekzioko kapitain gisa nabarmendu zen eta Espainiako txapelduna izan zen hiru aldiz. Haren ondareak kirolarien belaunaldi berriak inspiratzen ditu".
Aurtengoa asteazken honetan, martxoaren 11n emango du, arratsaldeko 18:00etan Donostiako Anoeta futbol zelaiaren ondoan kokaturiko Kirol-Etxean. Hautagaitzak aurkezteko epealdia otsailaren 6an itxi zuen Foru Aldundiak. Aurtengo saria nori eman erabakia dute; Aginagakoa izan eta Pukas Surfeko sortzaile Marian Azpirozek jasoko du. Izan ere, Foru Aldundiaren esanetan, "70eko hamarkadan zeregin erabakigarria izan zuen orduan ezagutzen hasi berria zen kirola profesionalizatzeko, enpresa ikuspegia eman zion, eta Gipuzkoa surfaren nazioarteko mapan kokatzeko ekarpen handia egin zuen".
Sari hau ematea, Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamenduko buru Goizane Alvarezen esanetan, "modu bat da ikusezintasun hori konpontzeko eta argi eta garbi adierazteko berdintasuna ez dela aldarrikatzen; eraiki egiten da erreferenteen bidez, baliabideak jarrita eta bidea irekitzen duten erabaki publikoak hartuta. Izan ere, kirol bidezkoagoa, anitzagoa eta feministagoa eraikitzeko, ia inork kasurik egiten ez zionean kirol hori ahalbidetu zutenak ere aintzat hartu behar dira".
Marian Azpirozek bere anai Miguelekin eta senar Iñigo Letamendiarekin batera, sortu zuen Pukas Surf . "Gaur egun ezaguna da 1979tik nazioarteko proiekzioa duen familia enpresa arrakastaz kudeatuz surfaren industria Euskal Herrian eraldatzeagatik".
Ibilbide horretan zehar, "Marianek emakumeen eta gizonen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin zuen, berrikuntzaren eragile gisa, 70eko hamarkadatik, surfa ia existitzen ez zen garaitik. Bikiniak ehuntzen hasi zen, Iñigo Letamendia senarrak surf taulak eskuz egiten zituen bitartean. Dendak irekitzen jarraitu zuten (lehena Zarautzen 1977an), josteko tailerrak, taula fabrikak, surf eskolak eta marka mundura eraman zuten nazioarteko ekitaldien antolaketarekin".
Ildo horretan, Foru Aldunditik nabarmendu moduan, "Marian Azpiroz funtsezko figura da Espainiako surfaren historian. Oinarritik ekin zion surfaren garapenari, eta 70eko hamarkadan taulen artisau-fabrikazioaren lehen urratsetan parte hartu zuen. Denborarekin, tailer izatetik nazioarteko erreferente izatera igaro zen Pukas, eta bertan egindako taulak munduko txapeldunek erabili izan dituzte".
Carmen Adarraga Saria nori eman erabaki duen epaimahaiak "Gipuzkoako surfaren kanpo proiekzioan izan duen begirada estrategikoa nabarmendu nahi izan du, bereziki nazioarteko ekitaldiak bultzatuz, hala nola Pukas Pro lehiaketa; haren bidez, Zarautz munduko surf zirkuituaren mapan kokatu zen eta prentsa espezializatuaren aintzatespena jaso zuen. Era berean, une kritikoetan izan duen lidergoa hartu du kontuan, hala nola 2017an fabrikak su hartu ondoren berriz eraiki behar izan zutenean, eta baita tokiko talentuaren alde egin duen apustua ere, surflariaren ibilbideak babestuz, Aritz Aranbururena esaterako".