Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak “Enarak” izeneko dokumentala proiektatuko du ostiralean, martxoaren 27an, arratsaldeko 19:00etan Eliza Zaharra Elkargunean. Horren osterako solasaldia programatu dute, zuzendari Beñat Iturriozekin eta Enarak taldeko abeslari eta organojole izandakoekin. “Elizaren goiko aldean egingo dugu, intimoagoa izateko, bai proiekzioa baita solasaldia ere, laugarren paretarik gabe”, ohartarazi dute Eliza Zaharra elkargunetik. Ondorioz, hitzorduak aforo murriztua izango duela aurreikusi dute. Honez gero agortu ez badira, sarrerak 3 eurotan eskuratu ahalko dituzue usurbilkultura.eus plataforman Arrate ostatuan ere.
“Enarak”
Diktadura frankista betean, 1967an “askatasun egarri ziren seminarista batzuek” sortu zuten. 2024an ekoitzitako 74 minutuko dokumentalaren ekoizle Bira produkzioak-ek azaldu moduan, “garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971n misteriotsuki desagertu ziren, betirako”.
Mende erdia igaro da ordutik. Taldeko abeslariaren seme Beñat Iturrioz “taldearen aztarnen bila abiatuko da, ornitologia, collage-a eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz”.
Ikus-entzunezko lanaren aurrerapena, albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezue.
