Hamar atxilotu eta 400 kilotik gora angula atzemanda, Aginagan ere eginiko azken polizia operazioan

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 23a

Espainiako Guardia Zibilak, Frantziako jendarmeriak, besteak beste Europolekin lankidetzan eginiko egunotako azken polizia operazioarekin angulen legez kanpoko trafikoko sarea desegin dutela jakinarazi dute.

Informazio iturri ezberdinen arabera, Guardia Zibila, Frantziako polizia eta Europol  angulen legez kanpoko trafikoaren aurkako polizia operazioa egiten ari zirela jakinarazi zuten martxoaren 10ean Aginagan.

Antza, bi enpresa eta etxebizitza bat miatu zituzten. Angulen zenbait erretilu ere hartu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek. Polizia operazioak zabalik zela jakinarazi zuten.

Lau atxilotu Gipuzkoan
Polizia operazio hura amaitutzat eman duela jakinarazi dute azken orduotan, haren sustatzaileek. Polizia indarron esanetan, Guardia Zibilak eta Frantziako poliziak angulen nazioarte mailako eta legez kanpoko trafikoaren sare bat desegin dute. Testuinguru horretan, hamar pertsona atxilotu dituzte; lau Gipuzkoan eta gainerakoak Ipar Euskal Herrian. Angula enpresak, haztegiak eta zenbait etxebizitza miatu dituzte; haietako zenbait, tartean, hilaren 10ean, Aginagan.

Gipuzkoari dagokionean, bizirik zeuden 28 kilo angula eta 407 kilo angula izoztu konfiskatu dituzte. Polizia operazio horren egileek sarean zabaldu dutenez, "merkantzia horrek ez zuen osasun kontrolik eta trazabilitaterik. Ondorioz, ez zen gizakiok kontsumitzeko modukoa". Angulekin batera, "justifikatu gabeko jatorridun 65.000 euro konfiskatu dituzte".

Ipar Euskal Herrian, bestalde, sei miaketa eta sei atxiloketa egin dituzte. Horietan, "10 kilo angula izoztu eta 13.000 euro eskudirutan esku hartu dituzte". Atxilotuei "416.000 euroko banku aktiboak blokeatu zaizkie, 2,78 milioi euroko baliodun finkak eta ibilgailuak enbargatzearekin batera".

Iaztik ikertzen
Antza, ikerketa 2025. urte hasieran abiarazi zuten. Une hartan,  "ezkutuko arrantzale sare bat" antzeman zuten, "Frantziako hegoaldean eta Gipuzkoan" kokaturikoa. Polizia operazio horren sustatzaileen arabera, "harrapaketak aitortzeko obligazioa sistematikoki ez zuten betetzen" eta hala, "merkantziaren trazabilitatea hausten zuten eta enpresa espainiar bati saltzea lortzen zuten, legez kanpoko salmentarako".

Polizia operazioa bera Donostiako epaitegiak zuzendu du, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arrantza eta Osasun Publikoko agintarien laguntza teknikoarekin batera". Lankidetzan aritu dira, Guardia Zibilaren Sepronarekin eta frantziar estatuko jendarmeriarekin. Operazioa bera Europolek, Iruzurraren Aurkako Borrokaren Europako Bulegoak eta Europako Batzordeko Elikaduraren Osasun eta Segurtasunaren Zuzendaritza Orokorrak babestutako Europa mailako ikerketa agindu batek koordinatu du.

Arrantza kanpaina debekatu ostean
Polizia operazio hau bultzatu dutenek ohar bidez sarean plazaratu dutenez, "angila europarra ("Anguilla anguilla") egoera kritikoan dagoen espeziea da, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren katalogoaren arabera". Era berean, gaineratu dutenez, mehatxupean diren fauna eta flora espezie basatiak arautu eta zaintzeko nazioarteko salerosketak arautzen dituen nazioarteko akordioak "Europar Batasunetik kanpo esportatzea debekatzen du. Merkatu asiarrean duen eskaera handia da, zeinetan kiloa 5.000 euroko balioa izatera heltzen den, badira talde kriminal espezializatuak angula loteak Asiara bidaltzeko maltzurkeriaz lapurtzen dituztenak".

Polizia operazio hau dator, Eusko Jaurlaritzak aurtengo angula harrapatzeko kanpaina bertan behera utzi ostean.