"Enarak" dokumentala aurkeztu dute Aginagan

Noaua Aldizkaria 2026ko martxoaren 28a

60. hamarkadan sortutako Enarak musika taldeari buruzko dokumentala aurkeztu dute ostiral honetan, martxoaren 27an Aginagako Eliza Zaharra elkargunean.

Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak “Enarak” izeneko dokumentala proiektatu du ostiral honetan, martxoaren 27an Eliza Zaharra Elkargunean. Horren osterako solasaldia programatu zuten baita sorkuntza lan horren zuzendari Beñat Iturriozekin eta Enarak taldeko abeslari eta organojole izandakoekin.

“Enarak”
Diktadura frankista betean, 1967an “askatasun egarri ziren seminarista batzuek” sortu zuten. 2024an ekoitzitako 74 minutuko dokumentalaren ekoizle Bira produkzioak-ek azaldu moduan, “garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971n misteriotsuki desagertu ziren, betirako”.

Mende erdia igaro da ordutik. Taldeko abeslariaren seme Beñat Iturrioz “taldearen aztarnen bila abiatuko da, ornitologia, collage-a eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz”.

Ikus-entzunezko lanaren aurrerapena, albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezue.