Urkamendi eta Iarbe arteko bidearen konponketa gaurtik

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 13a

Iarbe eta Urkamendi arteko bideko konponketa lanak egunotarako ditu iragarriak Usurbilgo Udalak.

Iragan astean bideetako bat konpontzekoa zuen Usurbilgo Udalak, Urkamendi eta Iarbe artekoa hain zuzen, apirilaren 7tik 9ra. Udalak berak, aldiz, lanok astebete atzeratuko zituztela jakinarazi zuen. Izan ere, astelehen honetatik, apirilaren 13tik 15era egingo dituzte berritze lanok.

Konponketa lanek iraun artean, bide hori itxita egongo dela ohartarazi du Udalak. Erakunde horrek "Arri kontratatu du zeregin horretarako, eta 29.530 euro bideratuko dira bidea konpontzera". Egingo dituzten lanei dagokienean, Udalak zehaztu duenez, "Urkamendi eta Iarbe arteko bideko asfaltoa altxa, eta hormigoizko bide berria egingo da".

Udaletik gaineratu dutenez, lanak amaitu eta hurrengo hiru asteetan, partzialki itxita segiko du ibilgailu astunentzat bide horrek.