Sagardoaren kulturan barneratzeko aukera ederra eskaini dute igande goiz honetan, apirilaren 26an. Ibilaldi ederra egiteko aukera izan dute aurrez izena emana zutenek, Aginagako eta Txokoaldeko paisaian barrena.
Berezia izan da hitzordua. Izan ere, ezohiko osagaiak uztartzen ditu Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak urtean bitan antolatu ohi duen ekimenak. Hasteko, ekimen ibiltaria da honako hau, tipi-tapa zenbait kilometro egiteko aukera izaten da. Ibilaldia, gainera, girotua izan ohi da. Batetik, Jakoba Errekondo paisajistak hainbat argibide eskaini ohi ditu udalerri honetako paisaiaren historiaz, sagardoaren kulturaz. Berarekin batera, urteak daramaten punta-puntako bi bertsolari ezagun gonbidatu ohi dituzte; Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña. Biak ala biak Errekondoren argibideei eta ekimenari lotuta aritzen dira bertsotan.
Hala egin dute igande honetan, apirilaren 26an ere. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren atariaren bidez izena emana zutenek goizeko 10:00etan Aginagako Eliza Zaharraren ataritik hasitako bertso-ibilaldia egin dute. Apirilean eta urria aldera egin ohi dituzte txango hauek, udalerri honetako zonalde ezberdinetan. Oraingo hau, Aginagan hasi eta Txokoalderantz jo dute gero.
Albiste honi atxikitako irudiok, ibilaldia hasi berritan jasotakoak dituzue.