Kooperatiba sareen elkartrukearen irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Danimarkako Kooperativt København sareko kideak bisitan izan genituen apirilaren 24an Usurbilen eta Aginagan. Usurbilen Ta Puntu kooperatibako kideekin bildu ziren. Herria ezagutzeko parada izan zuten. Izan ere, bisita gidatu bat egin zitzaien herri erdigunean barrena. Bazkalordurako Aginagara jo zuten. Arrate ostatu eraberrituan otordua egin eta bertako herri kooperatibakoekin elkartu ziren.
Euskal Herrian zehar egindako bisita astearen baitan etorri ziren udalerri honetara haiek, bidelagun izandako Olatukoop sareko kideekin batera. "Olatukoop sarea Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) jarduten dugun kooperatibek, elkarteek, eta beste hainbat erakunde komunitariok osatzen dugu". Sare horren helburua, "Euskal Herriko sozioekonomia eta lurraldeak eraldatzea da, bizitza bizigarriak posible egiteko". Sare horretan dira hain zuzen, besteak beste, Usurbilgo Ta Puntu eta Aginagako herri kooperatiba. Antza, Olatukoop-ekoak izan zituzten bisitan iragan udazkenean Danimarkan. Oraingoan, Kooperativt København sareko kideak dira Euskal Herrira etorri direnak. Laudion, Iruñean, Errenterian, Saran, Larresoron, Lazkaon, Lasarten... ere egon dira hainbat esperientzia kooperatibo ezagutzen.