Iñaki Errasti Uberak Ondarroako entrenatzaile izateari utziko dio

Noaua Aldizkaria

Bederatzi urteko ibilbidearen ostean, aginagarrak Ondarroa Arraun Elkarteko entrenatzaile izateari utziko dio.

Donostiako estropaden azken jardunaldia jokatu berritan, biharamun honetan heldu da agurraren albistea. Ondarroa Arraun Elkarteak jakinarazi duenez, Iñaki Errasti Ubera aginagarra ez da izango bertako gizonezko nagusien taldeko entrenatzailea hurrengo denboraldian.

Ia hamarkada oso bateko ibilbidea jorratu du aginagarrak talde horretan. "Iñakik 9 urte hauetan arraunlari eta entrenatzaile lanak uztartu ditu eta emaitza bikainak lortu ditu", nabarmendu dute aipatu kirol elkartetik.

Aipagarrienen artean dira, "bederatzi urte hauetan Eusko Label Ligan mantentzea lortzea, Kontxako sailkapen hunkigarriak, Zierbenan lortutako gorengo mailako aurreneko bandera eta nola ez, Ondarroan 2022an lortutako etxeko bandera".

Halere, Ondarroa Arraun Elkarteak emaitzetatik haratagoko balantzea egin nahi izan du aginagarraz. "Iñakik lan bikaina egin du harrobiko mutilen kirol bilakaeran". Ondorioz, eskertza helarazi nahi izan diote aipatu bilgunetik. "Esker oneko hitzak besterik ez ditugu eta etapa berrian zuri eta zure ingurukoei zorterik onena opa dizuegu. Beti izango zara Ondarroaren parte. Eskerrik asko Iñaki!!".