Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen segitzeko urte bukaerara arteko bisita gidatuen eskaintza plazaratua du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak.
Datozen bisiten artean, bada bat errotua dagoena; Alkartasuna Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak urtean bitan antolatu ohi duena. Udalerri honetako sagardoaren paisaian barrena ibili eta sagardoaren kulturaren ezagutzan sakontzeko hitzordu berezia izan ohi da, bertsoz eta azalpen interesgarriekin girotua. Hitzordua, hutsik egin ohi ez duen hirukoteak gidatzen du; Jakoba Errekondo paisajista eta agronomo usurbildarraren azalpenek eta Maialen Lujanbioren eta Andoni Egañaren bertsoek.
Datorren ibilaldia, urriaren 3rako antolatu dute. Izena eman daiteke jada.
Hurrengo bisita igandean
650 Usurbil Bizi herri egitasmoak bere hitzorduen agendan txertatu duen urte amaierara arteko ekintzetako bat da, baina ez bakarra. Izan ere, hurrengo bisita gidatua lehenago, iganderako, irailaren 20rako dute antolatua; Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita. Usurbilgo kaleetako kultur sorkuntzan barrena ibilaldia egingo da lehenik eta, segidan, Txikierdin kokaturiko estudioa ezagutu ahalko dute parte hartzaileek.
Hurrengo egunetan, herri honetako hondakinen kudeaketa eta zaintza ereduak ere ezagutzeko parada izango da.
650 Usurbil Bizi: datozen bisita gidatuak
Irailak 20, igandea
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita.
Irailak 23, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Irailak 25, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Urriak 3, larunbata
10:30-13:00 Usurbilgo Sagardo Kultura: Txokoaldeko Erroizpe elkarte ataritik abiatuta, Alkartasuna kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak antolaturiko bertso-ibilaldia, inguruko sagardoaren paisaian barrena, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista usurbildarrarekin. Izen-ematea: Alkartasuna Kooperatiban, alkartasuna@usurbil.com helbidean, alkartasuna.eus edo 943 361 114 telefono zenbakian.
Urriak 4, igandea
11:00-12:45 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore elizara bisita gidatua.
Urriak 24, larunbata
11:00-12:30 Salbatore elizaren ondarea eta organo erakustaldia.
Urriak 28, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Urriak 30, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Azaroak 7, larunbata
10:30-12:00 Gerraren memoria ibilbidea bisita gidatua.
Azaroak 8, igandea
11:00-13:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudioa.
Azaroak 21, larunbata
11:00-12:30 Salbatore elizaren ondarea eta organo erakustaldia (gaztelaniaz).
Azaroak 22, igandea
11:00-12:30 Museo Irekia familientzako Krii Kolektiboarekin.
Azaroak 25, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Azaroak 27, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Abenduak 12, larunbata
11:00-13:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore eliza.
Abenduak 18, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus