Astebete barru murgilduko da Aginaga jaietan, urriaren 2tik 10era. Uda garaiko ospakizun zikloko azkenak izango dira ohi bezala.
Jai batzordeak jada plazaratua du egun horietarako guztietarako ekintzen egitaraua. Hitzorduon artean, badira bi, horietan parte hartzeko sarrera beharko dutenak; urriaren 3ko herri afariak nahiz hilaren 9ko gazte afariak. Lagunarteko otordu baterako zein besterako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue Arrate ostatuan. Herri afarikoak 30 eurotan erosi ahalko dira helduenak eta 12 eurotan haurrenak. Gazte afarikoak, aldiz, 15 eurotan eskuratzeko aukera egongo da, jai batzordetik jakinarazi dutenez.
Denetarik eta denontzat
Aginagarrak herri kirolen bueltan lehian jarrita eta haren osteko txupinazo girotuarekin ekingo diete festei urriaren 2an. Biharamunean, oilasko biltzaileen birarekin hasi eta haiek atez ate bisitaturiko herritarren afariarekin borobilduko dute hilaren 3ko eguna.
Festen egun nagusia, San Praixku Eguna, igandearekin egokituko da. Urriaren 4an, bertsolariek giroturiko hamaiketakoa eta lehiaz jositako txapelketen arratsaldea iragarri dute.
Urriko bigarren astebururako, berriz, hilaren 9an haurrak izango dira protagonista egunez eta gazteak gauez. Gaupasa Egunarekin borobilduko dituzte aurtengo Aginagako jaiak. Baina adi, gaupasa horretan murgildu aurretik, aurtengorako estropaden lehia berreskuratu dute. Errioa biziberrituko dute beraz, urria hasierako festek.
Jai batzordeak prest du egitaraua, aipatu moduan:
Aginagako jaiak
Urriak 2, ostirala
17:30 Herri kirolak.
18:30 Txupinazoa Eliza Zaharreko balkoian pregoi eta brindisarekin; txanpaina gure kontu!
19:00 Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien saioa plazan.
Bitartean, buruhandi bizkor-bizkorrak.
Urriak 3, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
05:30 Oilasko biltzaileen gosaria Atarialde elkartean.
06:00 Oilasko biltzaileen irteera Atarialde elkartetik.
11:30 Oilasko biltzaile txikien irteera Mapildik.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Herri poteoa musikaz girotua.
21:00 Herri afari bikaina.
Sarrerak: 30 eurotan helduenak eta 12 eurotan haurrenak, Arrate ostatuan salgai.
23:30 Txosna irekiera.
00:00 Frontoian: Itzal Erromeria.
03:00-07:00 Dj Jotatxo Eliza Zaharrean.
Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
11:00 Meza nagusia, bertsolariek alaituta.
12:00 Jubilatuen hamaiketakoa Aginaga sagardotegian, bertsolariek alaituta.
16:00 XLIII. Mus Txapelketa irekia. Izen-ematea, 15:30-16:00 artean.
18:30 Bingo musikatua.
19:30 Sardina eta sagardo banaketa.
Bitartean, XLII Toka txapelketa herrikoia.
Urriak 9, ostirala: Umeen eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa.
18:30 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria. Sarrerak 15 eurotan, Arrate ostatuan.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez eta Dj Bling Bling.
Urriak 10, larunbata: Gaupasa Eguna
16:30 San Praixkutako bandera trainerilla txapelketa.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Amarru elektrotxaranga.
00:00 Frontoian: Alarma Morea eta Herenegun.
03:00 Dj Bon Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.
Antolatzailea: Aginagako jai batzordea.
