Aginagako jaiak

Aginagako jaiei ekiteko astean sartu gara

Noaua Aldizkaria

Urriaren 2tik 10era jai izango dute Aginagan. Antolatzaileek prest dute ospakizunetan murgiltzeko egitaraua.

Badatoz, aurtengo Usurbilgo herri eta auzoetako festen denboraldiko azken ospakizun zikloa, Aginagakoa. Urriaren 2tik 10era San Praixkuetan murgilduko dira bertan. Bost jai eguneko egitaraua osatu dute. Urriko lehenengo bi asteburuetan murgilduko dira ospakizunetan Aginagan, hilaren 2tik 4ra lehenbizi, eta hilaren 9an eta 10ean, azkenik.

Jaietako txupinazoaren aurretik, harrera egiteko aginagarren arteko herri kiroletako lehiaz gozatu ahal izango dugu. Erromeria giroa nagusituko da segidan. Larunbatean, bestalde, oilasko biltzaileen bira izango da goiz partean, Aginagako belaunaldiarteko topaketan bilakatuko dutena beste behin.

Aginagarren festak gauean segiko du herri afariarekin eta goizaldera arteko lehen parrandarekin. Jai giroak ia ez du etenik izango. Izan ere, biharamuna San Praixku Eguna izango da, goizeko bertsoz giroturiko hamaiketakoarekin eta lehiara bideraturiko arratsaldearekin. Mus eta toka txapelketak nahiz bingo musikatua iragarri du jai batzordeak.

Festen azken txanpan, haurrak izango dira protagonistak lehenik, jolas, puzgarri eta txokolate jan gozoarekin. Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren aurtengo azken bira izango da urriaren 9an. Gazteek hartuko dute iluntzean haurren lekukoa afari eta afalosteko kontzertuekin.

Estropaden itzulera
Amaiera ezin biziagoa izango dute aurtengo Aginagako jaiek. Izan ere, iazko etenaldiaren ostean, bueltan izango dira estropadak. Trainerilla txapelketa jokatuko da urriaren 10ean Orian eta, segidan, festak ederki borobiltzeko gaupasa amaiezina.

Segidan duzue, jai batzordeak aurtengo jaietarako osaturiko egitaraua. Adi, urriaren 3ko herri afarirako nahiz hilaren 9rako gazte afarirako txartelak aurrez eskuratu ahalko dira Arrate ostatuan.


Aginagako jaiak
Urriak 2, ostirala
17:30 Herri kirolak.
18:30 Txupinazoa Eliza Zaharreko balkoian pregoi eta brindisarekin; txanpaina gure kontu!
19:00 Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien saioa plazan.
Bitartean, buruhandi bizkor-bizkorrak.

Urriak 3, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
05:30 Oilasko biltzaileen gosaria Atarialde elkartean.
06:00 Oilasko biltzaileen irteera Atarialde elkartetik.
11:30 Oilasko biltzaile txikien irteera Mapildik.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Herri poteoa musikaz girotua.
21:00 Herri afari bikaina.
Sarrerak: 30 eurotan helduenak eta 12 eurotan haurrenak, Arrate ostatuan salgai.
23:30 Txosna irekiera.
00:00 Frontoian: Itzal Erromeria.
03:00-07:00 Dj Jotatxo Eliza Zaharrean.

Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
11:00 Meza nagusia, bertsolariek alaituta.
12:00 Jubilatuen hamaiketakoa Aginaga sagardotegian, bertsolariek alaituta.
16:00 XLIII. Mus Txapelketa irekia. Izen-ematea, 15:30-16:00 artean.
18:30 Bingo musikatua.
19:30 Sardina eta sagardo banaketa.
Bitartean, XLII Toka txapelketa herrikoia.

Urriak 9, ostirala: Umeen eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa.
18:30 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria. Sarrerak 15 eurotan, Arrate ostatuan.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez eta Dj Bling Bling.

Urriak 10, larunbata: Gaupasa Eguna
16:30 San Praixkutako bandera trainerilla txapelketa.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Amarru elektrotxaranga.
00:00 Frontoian: Alarma Morea eta Herenegun.
03:00 Dj Bon Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako jai batzordea.