Aginagako jaiak

Bizimaña, San Praixkuen hasierako protagonista

Noaua Aldizkaria

Bizimaña Herri Kooperatiba izan da, aurtengo Aginagako jaien hasiera ekitaldiko protagonista nagusia; Bizimaña, Aginaga eta aginagarrak.

Herri jaiok duten garrantzia aldarrikatuta hasi dituzte aurtengo San Praixkuak ere Aginagan. Hasiera ekitaldian jai batzordeko kideek adierazi moduan, "ez dira agenda bete bat bakarrik. Aukera paregabea dira, belaunaldi desberdinak, mahai, kale eta plaza bera partekatu dezaten. Barre egiteko, dantzatzeko, kantatzeko eta batez ere, elkarrekin egoteko egunak. Herritik eta herriarentzat antolatutako jai hauek denonak dira eta denon artean egiten ditugu handi. Goza ditzagun, beraz, egun hauek, errespetuz, arduraz eta alaitasunez".

Jai hauetan gertatu ohi den moduan, "herria beste modu batean begiratzeko, partekatzeko eta gozatzeko" aukera izaten da. "Herri txikia gara neurrian, baina askotan konturatzen ez garen arren, Agiña handia egiten dugu elkarrekin, bertan bizi, lan egin, ikasi eta zaintzen dugunean".

Sarearen eta saretzearen garrantzia nabarmendu dute jaietako antolatzaileek. "Egunerokotasunean, bakoitza bere joan etorrietan murgilduta gabiltzan arren, sare bat osatzen dugu, elkar entzun eta sostengatuz. Sare honek kolore, forma, bizipen eta izaera ezberdinak biltzen ditu eta herrira lotzen gaituen arren, norbera aske eta seguru bizitzea ere ahalbideratu behar luke, anitzak eta bereziak izan gaitezen elkarrekin eta elkarrentzat".

Norabide horretan, "auzolana, eskuzabaltasuna eta parte hartzea ez dira hitz hutsak, herria eraiki eta bizitzeko ditugun moduak dira. Urteetan zehar, sotzen joan diren hutsune eta gabeziei ere konponbide eta erantzuna topatzeko gogo faltarik ez dugu izan orain arte".

Bizimaña
Horren adibide gisa jarri ditu jai batzordeak "Eliza Zaharra eta Arrate Ostatua". Horrekin batera, "bultzada eta egonkortasun handiago bat emateko abiatu genuen herri kooperatiba eta udalarekin eraikitako zubi-lana. Aginaga biziberritzeko helburuarekin abiatu genuen bidea eta jaio den egitura berri honi Bizimaña deitu diogu, garai batean erabiltzen genuen hitza berreskuratuz. Errioari esker, baserriko lan gogorrak orekatu eta bizimaña edo bizimodu hobeago bat eskuratu genuen, itsasoaren oparotasunari esker. Guk oparotasuna nahi dugu denontzat eta bizimaña on bat guztiontzat. Eskolako haurren jantokia ez ezik, haur, gazte zein helduenen topaleku ederrak eraiki ditugu eta pixkanaka ari gara zerbitzuak zabaltzen. Ikusi duzue bazter batean pixkanaka betetzen ari garen denda ere? Animatu eta bazkidetu zaitezte kooperatibara, guztion laguntza baita eskertzekoa".

Jai parekide, osasuntsu eta parte hartzaileen alde egin dute beste urte batez.