Aginagako jaiak

Oilasko biltzaileek Aginaga jaietarako esnarazia dute

Noaua Aldizkaria

Oilasko biltzaileek esnarazi dute Aginagako jaietako bigarren egun hau, bidelagun bereziekin aurtengoan. Eguerdirako bueltan izango dira. Izan ere, 11:30etan finkatua dago urteroko belaunaldiarteko topaketa Mapilen, kalejiraren azken txanpari segida emateko.

 
 

Urte luzez, hedabide honetako Aginagako kronista izandako Maria Angeles Arrutik helarazi digu albiste honi atxikitako argazkia. Festa giroa larunbat goiz honetan bertan, urriaren 3an, etxe atariraino ekarri dioten unekoa da hain zuzen.

Izan ere, Aginagako jaietako bigarren egun hau, oilasko biltzaileena dugu. Eguna argitu aurretik, Atarialde elkartean ondo baino hobeto gosalduta irten dira urteroko ohitura berritzera, etxez etxe.

Hitzordu garrantzitsua izan ohi da. Festa giroa Aginaga erdigunetik urrun diren etxeetaraino eramaten dute eta aginagarren arteko topaleku ederra izan ohi da oilasko biltzaileena ere.

Goizean zehar, Aginagako goialdeko etxeetatik barrena bi talde kalejiran ibili ostean, Aintzi aldean elkartu ostean, Mapilen dute ezarria hitzordua 11:30etan, belaunaldiarteko topaketarako. Izan ere, haur, gazte zein heldu biltzen ditu oilasko biltzaileen biraren azken txanpak. Aginaga erdiguneko bira elkarrekin egin ohi dute.

Aurtengo irteerak bidelagun bereziak erakarri ditu; Santurtzitik heldutako bi sardina-saltzaile. Gogoan izan, igande arratsaldean izango da sardina jana. Ordurako jaki faltan, bi lagunok ekarri dituzte beharrezko sardinak eta bide batez, oilasko biltzaileen kalejirara batu dira.

Kalejira honen ostean, iluntzean, herri afaritarako bilduko dira eta segidan, jaiotako lehen parranda biziko dute Aginagan.


Aginagako jaiak
Urriak 3, larunbata: Oilasko Biltzaileen Eguna
05:30 Oilasko biltzaileen gosaria Atarialde elkartean.
06:00 Oilasko biltzaileen irteera Atarialde elkartetik.
11:30 Oilasko biltzaile txikien irteera Mapildik.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Herri poteoa musikaz girotua.
21:00 Herri afari bikaina.
Sarrerak: 30 eurotan helduenak eta 12 eurotan haurrenak, Arrate ostatuan salgai.
23:30 Txosna irekiera.
00:00 Frontoian: Itzal Erromeria.
03:00-07:00 Dj Jotatxo Eliza Zaharrean.

Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
11:00 Meza nagusia, bertsolariek alaituta.
12:00 Jubilatuen hamaiketakoa Aginaga sagardotegian, bertsolariek alaituta.
16:00 XLIII. Mus Txapelketa irekia. Izen-ematea, 15:30-16:00 artean.
18:30 Bingo musikatua.
19:30 Sardina eta sagardo banaketa.
Bitartean, XLII Toka txapelketa herrikoia.

Urriak 9, ostirala: Umeen eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa.
18:30 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria. Sarrerak 15 eurotan, Arrate ostatuan.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez eta Dj Bling Bling.

Urriak 10, larunbata: Gaupasa Eguna
16:30 San Praixkutako bandera trainerilla txapelketa.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Amarru elektrotxaranga.
00:00 Frontoian: Alarma Morea eta Herenegun.
03:00 Dj Bon Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako jai batzordea.