Aginagako jaiak

Belaunaldiartekosuna sustatu du oilasko biltzaileen birak

Noaua Aldizkaria

Oilasko biltzaileek girotu dute Aginagako festetako bigarren egun hau. Haurrak, gazteak eta helduak elkartu ditu hitzorduak.



Albiste honi atxikitako irudiak ikusita, haria ez da berehalakoan etengo. Oilasko biltzaileen bueltako kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzen eta Aginagako komunitatea ehuntzen segitzen dute jaietako hitzordu honen bidez ere.

Festa giro betean murgildua da Aginaga, ostiralaz geroztik. Larunbat honetakoa, urriaren 3koa, oilasko biltzaileek kalejiran irteteko eguna zuten. Eguna argitu aurretik, Atarialde elkartean gosari legea egin eta irten dira etxez etxe. Bi taldeetan banatuta, herri erdigunetik aparte diren bizileku eta herritarrengana heldu dira. Haiei guztiei festa giroa helarazi diete.

Aintzin elkartu dira bi taldeak, elkarrekin gero Aginaga erdigunera itzultzeko. Bidelagun gehiago batu zaizkie Mapil aldean. Badira hainbat urte, hitzordu honetan belaunaldi gazteenaren parte hartzea sustatzen dutela Aginagan. Ondorioz, oraingo honetan ere lortu dute; belaunaldiartekotasunak zeharkatu du oilasko biltzaileen bira.

Haur, gazte zein heldu, elkarrekin dantzan eta kalejiran egin dute aipatu ekimenaren azken txanpa.