Aginagako jaiak

Bertsodun hamaiketako goxoa dastatuz hasi dute San Praixku Eguna Aginagan

Noaua Aldizkaria

Aginaga sagardotegian eskainitako hamaiketako goxo askoarekin eta bertsolariekin ekin diete Aginagan, San Praixku Egun honetako ospakizunei.

Egunero ez da igandea izaten; urtean behin, San Praixku Eguna. Biek bat egin dute aurtengo urriaren laugarren egun honetan. Jaiegun nagusia dute, ostiralaz geroztik ospakizun betean den Aginagan. Irudiotan ikus dezakezuen moduan, gogotik dastatuz hasi dute igande hau, doinu ezin ederragoekin gainera.

Meza ostean, Aginaga sagardotegian bildu dira eguerdi partean, San Praixkuren omeneko hamaiketako legea egitera. Bertan sukaldatu eta jai batzordeko kideek zerbitzaturiko otordu goxo askoa dastatu dute.

Jakiokin batera, bertso saio ederra izan dute. Urte luzez egin bezalaxe, Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi itzuli dira Aginagako San Praixku Egun honetara, bertsoz hitzordu hau girotzera. Aurretik, mezetan ere kantatu dute.

Arratsalde parterako hainbat lehia saio iragarri dituzte Aginagan, jan-edanarekin batera:

Aginagako jaiak
Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
16:00 XLIII. Mus Txapelketa irekia. Izen-ematea, 15:30-16:00 artean.
18:30 Bingo musikatua.
19:30 Sardina eta sagardo banaketa.
Bitartean, XLII Toka txapelketa herrikoia.

Urriak 9, ostirala: Umeen eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa.
18:30 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria. Sarrerak 15 eurotan, Arrate ostatuan.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez eta Dj Bling Bling.

Urriak 10, larunbata: Gaupasa Eguna
16:30 San Praixkutako bandera trainerilla txapelketa.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Amarru elektrotxaranga.
00:00 Frontoian: Alarma Morea eta Herenegun.
03:00 Dj Bon Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako jai batzordea.