Aginagako jaiak

44 bikoteren artean jokatuko da Aginagako mus txapelketa

Noaua Aldizkaria

Jendetza erakarri du aurtengo Aginagako jaietako mus txapelketak. 44 bikotek eman dute izena aurtengo edizioan.

San Praixku Eguna gaur Aginagan, jaietako egun nagusia beraz. Goiza, hamaiketako eder bat dastatuz ekin dute Aginaga sagardotegian. Igande arratsalde hau, lehiakor dator inondik ere. Hasteko, mus txapelketa abiarazi dute arratsaldeko 16:00ak pasatxoan, Ariztitxo pilotalekuan.

Irudiotakoak dira lehen txandan jokatzen hasi diren bikoteak. 15:30etan zabaldutako izen-ematearen baitan, 44 bikote apuntatu dira. Harrera jendetsua izan du ekimenak. Bistan denez, ordu batzuetarako lehiaketa izango dute Aginagako frontoian.

Halere, ez da izango, gaur arratsalderako iragarritako txapelketa bakarra. Izan ere, tokan ere norbere trebetasuna erakusteko aukera izango da, sardin jana eta sagardoa dastatu artean. Horrez gain, bingo musikatua ere antolatu dute Eliza Zaharrean.

Aipatu moduan, txapelketez jositako arratsalde pasa egiteko aukera ederra izango da urriaren laugarren honetan, Aginagan.