Aginagako jaiak

Sardina eta sagardo dastaketa ederra Aginagan, aste berriari sabela poztuta ekiteko

Noaua Aldizkaria

Afalaurreko tartean sabela gogotik poztu diete Aginagako jaietara joandakoei. Sardina eta sagardo dastaketa ederra egin dute, igande iluntze honetan.

Usurbilgo herri eta auzoetako jaietan bapo jan eta edan ahal daitekeenik ezin da ukatu, ezta Aginagako San Praixkuetan ere. Bertako festen egun nagusia zuten gaurkoa, urriaren 4a. Hamaika ospakizun bizitako asteburua borobildu eta astelehenera heltzeko indarberritzea erabaki dute, irudiotako sardina eta sagardo dastaketarekin.

Aginagarrek auzolanean prestatutako edari eta jakiok sukaldatu eta zerbitzatzen aritu dira Ariztitxo frontoi ondoan. Ilara ederra egin dute bertara joandakoek. Merezi izan du itxaroteak. Izan ere, gustura asetu ahal izan dira jaki eta edari goxookin.

Modu horretan, sabela poztuta amaitu dute Aginagako jaien lehen asteburua. Datozen atseden egunon ondotik itzuliko da festa giroa bertara, ospakizunokin hain zuzen; tartean, Umeen Eguneko ekintzekin, gazteak protagonista izango dituen gaualdiarekin, estropaden itzulerarekin eta goizak argitu arteko gaupasa luzearekin.


Aginagako jaiak
Urriak 9, ostirala: Umeen eta Gazteen Eguna
10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa.
18:30 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria. Sarrerak 15 eurotan, Arrate ostatuan.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez eta Dj Bling Bling.

Urriak 10, larunbata: Gaupasa Eguna
16:30 San Praixkutako bandera trainerilla txapelketa.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Amarru elektrotxaranga.
00:00 Frontoian: Alarma Morea eta Herenegun.
03:00 Dj Bon Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako jai batzordea.