Aginagako jaiak

Belaunaldi gaztearen eskutik itzuliko da jai giroa Aginagara

Noaua Aldizkaria

San Praixkuen lehen asteburuaren ondotik, egunotako atseden egunak igarota, urriaren 9an murgilduko da berriz Aginaga festa giroan.

Bigarren aldiz iragartzeko moduan gara, badatozela berriz ere Aginagako jaiak. Izan ere, ospakizunez beteriko iragan asteburuaren ondotik, atseden egunetan dira, indarberritzen, San Praixkuen azken txanpari heltzeko.

Festen azken txanpan, haurrak izango dira protagonistak lehenik, jolas, puzgarri eta txokolate jan gozoarekin. Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren aurtengo azken bira izango da urriaren 9an. Gazteek hartuko dute iluntzean haurren lekukoa afari eta afalosteko kontzertuekin.

Estropaden itzulera
Amaiera ezin biziagoa izango dute aurtengo Aginagako jaiek. Izan ere, iazko etenaldiaren ostean, bueltan izango dira estropadak. Trainerilla txapelketa jokatuko da urriaren 10ean Orian eta, segidan, festak ederki borobiltzeko gaupasa amaiezina.

Segidan duzue, jai batzordeak aurtengo jaietarako osaturiko egitaraua. Adi, urriaren 3ko herri afarirako nahiz hilaren 9rako gazte afarirako txartelak aurrez eskuratu ahalko dira Arrate ostatuan.


Aginagako jaiak
Urriak 9, ostirala: Umeen eta Gazteen Eguna

10:00 Umeen jolasen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa.
16:00 Puzgarriak.
17:30 Txokolate banaketa.
18:30 Erraldoi eta buruhandien irteera, Lauburu konpartsaren eskutik.
19:00 Musikaz girotutako poteoa.
21:00 Gazte afaria. Sarrerak 15 eurotan, Arrate ostatuan.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Bide Batez eta Dj Bling Bling.

Urriak 10, larunbata: Gaupasa Eguna
16:30 San Praixkutako bandera trainerilla txapelketa.
18:30 Txosna irekiera.
19:00 Denak dantzan jartzeko Amarru elektrotxaranga.
00:00 Frontoian: Alarma Morea eta Herenegun.
03:00 Dj Bon Eliza Zaharrean.
08:00 Errefus bilketa.

Antolatzailea: Aginagako jai batzordea.