Itxuraz eta mamiz berrituta ekin dio Aginagak ikasturte berri honi. Eskolatik proposaturiko pixkanakako zaharberritze lanen harira, irudiotako eskolako goiko solairua egokitu die Usurbilgo Udalak. "Oso eskertuak gaude", adierazi digute eskolako irakasleek. Izan ere, "HHko solairua egokitu zutenean konturatu ginen, kolore pixka batekin eta lurra aldatuta soilik, beste itxura bat zutela gelek". Hortik eratorritakoak dira azkenaldiko berrikuntza lanak. Eskolatik aditzera eman bezalaxe, "txikikeriak diruditen detaileok handiak dira eskola honetarako". Horregatik, hurrengo erronka, kanpo espazioan kokatua dute; "kanpoaldean lore batzuk jarri, naturalizatu, asfaltoak jaten baitu Aginagako plaza. Orduan, eskolaren esku dagoena egiten saiatuko gara, komunitatean. Gurasoek, ikasleek, amonek ere asko laguntzen dute, gu ez gaudenean ere landareak ureztatzen. Elkarlan hori eskertzekoa da".
Berritutako espazioak, orain arte bezala, erabilera anitzekoa izaten segiko du aurrerantzean ere. Goizetik arratsaldera, eskolak baliatuko du astelehenetik ostiralera. Gero, yoga ikastaroa ere bertan eskainiko da. "Yoga egiteko espazio oso atsegina dute honako hau, goxoa, altzari gutxiagorekin".
Eskolaren goiko solairua ez dute eraberritu itxuraz soilik. Eskolaren dinamika berrirako egokitu nahi izan dute. Izan ere, aurreko ikasturtera arte, proiektuka lan egiten zuten. "Aldaketa baten beharra ikusten genuen eskolan", azaldu digu irakasle Xabier Garmendiak. "Eskola txiki batzuetan jada martxan" zutela ikusita, tailerren dinamikari ekitea bururatu zitzaien. "Dugun irakasle kopuruarekin eta hemen geneuzkan bi gela hauek moldatuta, horretarako aukera izango genuela ikusi genuen".
Sormena sustatzen
Ordura arte, proiektuka eta nagusiki taldean lan egin ostean, "tailerretako proiektuak pertsonalak edo banakakoak dira. Izan daitezke talde txikietan landutakoak ere, baina orokorrean, ikasle bakoitzak eramaten du bere proiektua aurrera. Saiatzen gara ahalik eta modu autonomoenean bideratzen". Horretarako, Garmendiaren esanetan, araudi bat dute. "Pentsatu behar dute zer nolakoa den haien ideia gauzatzeko behar duten materiala, ondoren, proiektua martxan jartzeko".
Beti curriculumean oinarrituta, goizetan hainbat arlo eskaini ostean, arratsaldeak tailerretara bideratzen dituzte; maila guztietako ikasleak elkartzen dituzte espazio berrituan; "bakoitzak aukeratzen du zer tailerretara joan". Batetik bestera ibiltzen ote diren galdetuta, esan digutenez, "normalean, ikasleek argi izaten dute nora joan, batzuetan beraiek buruan proiektu bat dutelako eta beste batzuetan, zientzia tailerrean, adibidez, erronkak dituzte eta horiek bai, bete behar dira. Horretarako, informazio bila mugitu behar izaten dute liburutegira edo arte tailerrera, esaterako, maketa bat egin behar dutelako zientzia proiekturako. Orduan, dena batu egiten da".
Dinamika berri horri esker, "gaitasun ezberdinak lantzen dituzte"; horien artean, eskolatik azpimarra berezia egiten dioten bat, sormena. "Aukera ematen diegu ikasleei, nahi dutena sortzeko. Arteari lotutako tailerrean, zientziarenean, hizkuntzari lotutakoan ere sormena bideratzeko aukera dugu".
Aurreko ikasturtean abiarazitako tailerron inguruko "balorazio oso ona" jaso zuten, bereziki, ikasleengandik. "Oso aberasgarria izan da. Norbanakoaren iniziatiba, batez ere, sormena, beraien interesak plazaratzeko garrantzitsua da". Irakasleentzat ere erronka berria izan da, "haizeberritzeko aukera eman digu. Ikasleek ere asko irakasten digute". Ideia horien ildotik segi asmo dute ikasturte berri honetan ere.
"Elkarri laguntzen diogu"
Ikasleak gustura dabiltza. Ikasturte honetan, esaterako, proiektu bat elkarrekin hasi dute, baina "jada ari dira eskatzen bakoitzak nahi duela bere proiektua gauzatzea. Jada, ideiak askatzen eta proposatzen ari dira"; tartean, Auritz, Daniela, Izar eta Ane. LH 4-6 maila artean ari dira ikasten. Espazioan izandako berrikuntza lanak eskertu dituzte. Lurra hobea dela diote, aurrekoan estropezu egiten zuela aipatu digu ikasleotako batek. Orohar, aldaketekin gustura dira, baita gainerako berrikuntzekin ere. Bi ikaskide berri dituzte ikasturte honetan. Ikaskide batzuk LH6. mailara helduta, azken ikasturtea izango dute honako hau Aginagako eskolan. Aukera izanda, hurrengo ikasturteetan ere bertan segiko luketela adierazi digute. "Eskola txikia da eta oso gustura egoten da", aipatu digute. Gaineratu dutenez, maila guztietako ikasleak elkarrekin egoteko aukera izaten dute. "Lanak batera egitea" dute gustukoen une horietan eta "elkarri laguntzen diogu ahal dugunean". Horrez gain, tailerren dinamikarekin ere gustura dira. "Piperrak biltzera joan ginen eta orain, ontziratze lanetan ari gara". Talde mailako proiektu horretatik haratago, norbanako erronkak ere badituzte.
Azokara begira
Halere, irakasleek oroitarazi moduan, "agendara ere lotuak gaude. NOAUA! K.E.-ren abenduko San Tomas azoka badator. Aurreko urtean, adibidez, belarritakoen tailerra jarri genuen martxan. Piloa egin genituen. Aurten josketa lanetan gabiltza. Ea zer ateratzen den". Inauteriei begira, gaien bat bururatuz gero, mozorroa prestatu eta horretarako informazioa biltzeko "hau da gunea". Izan ere, "manipulaziorako material asko dugu".
Eskolakoen esanetan, lagungarria zaie finkatuak dituzten urteroko hitzorduok. "Bideratzen laguntzen du. Gainera, herrira begirako helburuak dira. Herriak eta auzoak ematen digu eta hori guztia bueltatzen saiatzen gara". Asteotan, horretan buru-belarri murgildu asmo dute, urte amaierako azokara begirako lanketan, tartean, jaiak dituzten arren.
Izan ere, 2026-27 ikasturtea hasi eta aste gutxira festa giroan murgildu dira Aginagan. Bertako eskolan jai izango dute ostiral honetan, urriaren 9an, San Praixkuetako Umeen Eguna ospatuko dute eta, jolas, txokolate jan edota puzgarri artean. Festei ekiteko oso gogotsu ziren ikasleak haiek elkarrizketatzerakoan. Jaiotarako zer asmo duten galdetuta, erantzun argia eman ziguten; "ondo pasatzea".