Aginagako jaiak

Belaunaldi gazteenak jolasean ospatu du Aginagako jaien itzulera

Noaua Aldizkaria

Sortzen eta jolasten igaro dute goiza gaztetxoek, ostiral honetan, urriaren 9an itzulitako Aginagako jaien lehen orduetan.

Ezohiko ostirala zuten gaurkoa Aginagan. Iragan asteburuko ospakizun egunen ondotik, lau egunez indarberritu ostean, festa giroan murgilduak dira gaur goizetik. Plazaratzen lehenak izandako haur eta gaztetxoen eskutik itzuli dira San Praixkuak.

Belaunaldi gazteenak ere ezohiko ostirala du gaurkoa. Izan ere, jaieguna dute urtero moduan, Aginagako eskolan. Ikasgelatik kanpo igaro dute goiza eta hala egingo dute datozen orduotan ere, Umeen Eguna ospatzen ari baitira goizaz geroztik.

Jai batzordeak prestaturiko hainbat ekintzetan parte hartu dute azken orduotan. Hasteko, marrazten aritu dira eta buztina lantzen. Artelan ederrak ondu dituzte Ariztitxo frontoian. Gero, jolasari ekin diote. Aulki jokoan parte hartu dute, globoak lehertzen, sagar jatean, arrautzak goilara bidez eta oreka bikaina mantenduz frontoian barrena garraiatzen...

Adin tarte ezberdinetako gaztetxoek goiz pasa ederra igaro dute elkarrekin. Puzgarriak, txokolate jana edota Lauburu konpartsakoen azken kalejira datorkie hurrengo orduotan.