Mikel Urdangarinen kontzertua ostiralean Aginagan

Noaua Aldizkaria

"Uhina" izeneko biraren baitan, kontzertua eskainiko du Mikel Urdangarinek ostiralean, azaroaren 6an Aginagako Eliza Zaharrean.

Bizimaña herri kooperatibak antolatu du bere “Uhina” kontzertua ostiralean, azaroaren 6an, 19:30etan Eliza Zaharrean. Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira 15 eurotan, mikelurdangarin.eus atarian.

“30 urteko ibilbidea, 20 disko eta bere bandarekin partekatutako eszenatoki kopuru kontaezin baten ondoren, Mikel Urdangarinek bidaia berri bati ekingo dio, jatorrira itzuliko da, kantu biluzira, artistaren, gitarraren eta publikoaren arteko elkarrizketa intimoa. Ez da kontzertu bat, ia aitorpen bat da, aukera paregabea haien kantuak jaio ziren bezala, bere erarik garbi eta funtsezkoenean, entzuteko”.

Euskararen Gala
Mikel Urdangarinen kontzertua ez da izango, abiatu berri dugun hilabete honetako hitzordu programatu bakarra Aginagako Eliza Zaharrean. Izan ere, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat eragileek antolaturiko Euskararen Astearen baitan, Euskararen Gala estimatua ospatuko da hilaren 28an, gaueko 22:00etan. Eliza Zaharra Elkargunearen gaualdirako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira 10 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.

"Gurean, urteroko hitzordu bihurtu den festa: bakarrizketak, musikariak, dantza eta askoz gehiago!" izango dituztela aurreratu dute antolatzaileek, Udalaren agendaren bidez. Honako sortzaileok parte hartuko dute aurtengoan:
-Musika: Anne Etchegoyen, Anuk eta Elene, Patrice Dumora (Akelarreko abeslaria).
-Antzerkia: "Heroiaren mina" (Gaizka Chamizo).
-Dantza: klake dantzariak.
-Bakarrizketak: Txiki, Idoia Torregarai, Janire Atxurra.
-Magoa: Asier Kidam.
-Marrazkilaria: Unai Gaztelumendi.